Migranteen kontrako polizia operazio bat salatu dute Baionan

Hamasei migrante atxilotu zituzten otsailaren 6an Baionan, etorkinen eskubideen aldeko elkarteek salatu dutenez. Dirudienez, Baionako prokuradoreak eman zuen agindua. Operazioa autobus geltokiaren eta Pausa harrera zentroaren artean gauzatu zuen poliziak, tartean, adingabekoak atxilotuz. Gertakaria argitara eman duten eragileek martxoaren 22an ekintza berezi bat antolatuko dute Baionan, frantses estatuan eta Europako beste herrialde batzuetan zabaldu den etorkinen eskubideen alde ekiteko deialdiaren testuinguruan.

Deszentralizazioa eta mugaz gaindiko lankidetza, Europa «azkartzeko»

Mugaz gaindiko topaketak antolatu dituzte Baionan, Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde nagusietako ordezkariekin. Europa azkartzeko, deszentralizazio gehiagoren beharraz eztabaidatu dute eguneko mahai inguru nagusian. Bertan izan dira Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Jean René Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidentea, Ana Ollo Hualde Nafarroako lehendakariordea, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko hautetsia edota Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentea. Oro har, denek bat egin dute Euskal Herriko hiru eremu administratiboen arteko lankidetza indartzeko xedearekin. Mugaz gaindiko Europako parke naturalen egitasmoak izan dituzte aipagai arratsaldea, baita besta eredua ere. Azken eztabaida honetan parte hartu dute, besteak beste, Joseba Asiron Iruñeko auzapezak, Eneko Goia Donostiako auzapezak edota Juan Maria Aburto Bilboko auzapezak.

Iparraldeko laborantzako langileen lehen indar sindikala da LAB

Departamenduko laborantza ganbaran hiru ordezkari izanen ditu LAB sindikatuak. Orotara sei jarleku banatzen zaizkie langileei, eta parte hartzea biziki apala izanik ere, LAB sindikatuak bere bozkatzaileak mugiaraztea erdietsi du. Langileen bi kolegioen batez besteko parte-hartzea %14koa izan da. Ekoizpen langileen 3A kolegioaren gehiengoa erdietsi du bi jarlekurekin, eta laborantza egitura profesionaletako langileen 3B kolegioan ordezkaritza bat lortu du. Duela 12 urte aurkeztu zen lehen aldiz hauteskunde hauetan sindikatu abertzalea, eta duela sei urtetik hona, jarleku bakarretik hirura jauzi egin du. Ondorioz, bigarren indar sindikala bilakatu da departamendu mailan, bozen %23.3 eskuraturik. Ipar Euskal Herri mailan, aldiz, lehen indarra dela ondorioztatu dute LAB sindikatuko kideek «bozen %55 lorturik». Frantziako laborantza ministerioak hauteskundeen antolaketan izan dituen hutsegiteak azpimarratu dituzte, hautesle askok ez baitute gutuna jaso edo epez kanpo ukan baitute, edo materiala etxean ukan ez dutenentzat dispositiboa biziki konplikatua baitzen. Jakin ere, TPE enpresa ttipienetako hauteskundeei begira, abenduan iraganik ere, orain jakin dituztela departamendu mailako emaitzak eta LAB laugarren tokian iritsi dela, FO sindikatuaren aitzinean.

Marieniako lurren aldeko militanteen epaiketa, irailaren 9ra gibelatua

Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien kontrako bortizkeria eta poliziari DNA eta lagin biologikoak emateari uko egin izana leporatua diete Filipe Laskarai, Patxi Laskarai eta Benjamin Charroni. Kanboko auzapezak, herriko etxeak eta herriko funtzionario batek pausatu dute salaketa, haien Tolosako abokatuek eskatu dute auziaren gibelatzea, dosierraren kopia berandu eskuratu baitute.

Joseba Erremundegi: «Etxebizitza, euskara eta ekonomia alorretan azkartuko da mugaz gaindiko lankidetza»

Mugaz gaindiko kontzientzia bat pizteko jardunaldiak… Mugaz gaindiko topaketen hirugarren edizioa iraganen da, asteazken honetan Baionan. Euskal hirigune elkargoak antolaturik, Ipar eta hego euskal herriko arduradun politiko nagusien presentzia edo ordezkaritzarekin iraganen da eguna. Euskal Autonomia erkidegoa, Nafarroa, Akitania Berria eta Euskal hirigune elkargoko eragileek argitan emango dituzte orain arte eramandako lana adibidez uraren sanotzea, euskal sagardoaren labelizazioa edo Hemendik plataforma digitala. Eguna lehen mahai inguru batekin abiatuko da: 'Deszentralizazio gehiago Europa gehiagorentzat' izenburuarekin. Ordezkaritza instituzionalaren aldetik, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidentea, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordea edota Alain Rousset Akitania Berria Eskualdeko presidentea izanen dira bertan, besteak beste..

Argitaratu gabeko ikerketak liburu bakarrean bildu ditu Marikita Tambourinek

'Solas gordeak' liburu berrian idatzi du Marikita Tambourin idazle, ikerle, irakasle eta mintzalariak. 1971 eta 2024 urteen artean egindako ikerketa plazaratu gabekoak bildu ditu liburu bakarrean. Bertzeak bertze, Euskal Irratietan urte luzez eskainitako "Euskal deiturak", "agotak", "euskara" eta "emazteak euskal eremuan" kroniketako informazioak bildu ditu besteak beste . Egileak aitortu du bere burua harritu duela ikusiz zenbat gauza egiteko gai izan den, traba guzien gainetik.

Adimen artifiziala: DeepSeek, kode irekiko AA azkarrena eta merkeena

Adimen artifizialaren munduan mugarria jarri du Txinako DeepSeek sistemak. Prezio baxua, kode irekia eta erabilgarritasun zabala direla medio, OpenAI enpresaren ChatGPT eta Metaren AI sistemen lehiakide indartsu bilakatu da. Deep Seek aplikazioak enpresa teknologikoen balioa inarrosi zuen Amerikako Estatu Batuetako burtsan. Izan ere, Nvidia enpresaren txip karioegiak baliatu gabe eta energia gutxiago erabiliz erdietsi baitu OpenAi eta Metaren heinean ezartzea. Gainera, lizentzia librearekin eta urririk ezarri dute baliagarri. Euskara mailari dagokionez, aski ona dela adierazi dute zenbait erabiltzailek.

Gari Lagnet lapurtarra da aurtengo Essor Basque lehiaketako txapelduna

Gari Lagnet Jatsuarrak eraman du 50. ESSOR Basque lasterketa. 26 urteko Lapurtarra Tarnose eta Aviron taldean ari izan zen eta orain Besançoneko taldearentzat lehiatzen da. Atzo Jack Brough Britainiarra nagusitu zen Maulen eta larunbatean Malo Stevantek irabazi zuen Gamiako lepoan.

Laborarien mobilizazioak Ipar Euskal Herriko errepideetan

Protesten sugarra berpiztu dute laborariek. Beskoitzetik abiaturik, A63 autobidea blokeatza zuten xedea. Azkenean prefeturak emandako baimena goizean berean deuseztatu zuten agintariek. Azkenean bide departamentalatk iragan eta Bainako San leon itzulgunea blokeatu zuten. 30 traktore eta 50 laborari ziren. Bandera biarnes eta frantsesez apainduriko traktoreak ziren. Agriculteurs de la chaîne des Pyrénées izeneko talde batek luzatu du mobilizaziorako deia, diotenez «edozein sindikatutik kanpo» kokatzen diren laborarien eskutik. Aldarrikapenei dagokionez, Europar Batasunak Mercosurrekin egin hitzarmena eta tuberkulosia saihesteko protokoloa salatzen dituzte, eta argindar gastuen apaltzea galdegiten dute, zergagabetze baten bidez. Hego Euskal Herrian ere, Gasteiz (Araba) eta Tafallan (Nafarroa) mobilizatu dira zenbait laborari.