Politikatik Politikara | Laborantza eredua, Donibane Lohizuneko klinika eta larrialdi linguistikoa

Politikatik Politikara saioak aktualitatezko gaiak jorratzen ditu, hiru gonbidaturekin: Anick Trounday, Iker Etxepare eta Nikolas Blain.

Saio honetako aipagaiak laborantza, osasun arloa eta euskara izan dira.

600 etxaldetan atzeman dute mingain urdinaren eritasuna

Mingain urdinaren eritasunaren kontrako txertoa itxoiten ari dira laborariak. Ardiak jotzen dituen eritasuna borrokatzeko, hilabete bat da frantses gobernuak txertoa hitz eman duela, baina oraindik ez dira iritsi. FDSEA sindikatuko kideak bildu dira ostegun honetan Baionako suprefetarekin. Erantzun bat azkar behar dutela azpimarratu dute, bereziki hegoaldean saltzen baitituzte axuriak. Louis Bizkaixipi, FDSEAko axuri sailaren presidentea da:

Ostegun goizean bildu dira Baionako suprefetan FCO edo ardien mingain urdinaren eritasunari begira. Eritasuna pairatzen duen etxalde batek ezin du hilabete batez saldu axuririk. Alta hazleak prest dira mementu huntan saltzeko. Txertoak nun diren xuxen galdegin diote suprefetari: 

Mirentxu Arbeletxe: «Pentsatzen dugu hango egoera funtsean kolonialismoaren arazo bat dela»

Makean, larunbatan Palestinaren aldeko eguna iraganen da."Ibaitik itsasora, Palestina libre" lemapean antolatzen dute Iparraldeko sostengu talde desberdinek. Egun osoko egitaraua prestatu dute; goizean hitzaldi bat egongo da, Palestinaren egoerari buruz. Arratsaldean, tailerrak izango dira: laborantza, pinkwashing-a edo armamenduaren inguruan. Egunean zehar, Palestinako produktuekin osatutako merkatu bat egongo da. Apairua eta kontzertuak ere izango dira arratsaldean. Irabazi guztiak, Adammer elkartearentzat izango dira, Palestinako preso politikoen aldeko elkartearentzat. Jakin, egun horren inguruan gehiago entzun ahal izango duzuela 8:00etatik aurrera, antolatzaileetako Mirentxu Arbeletche entzuten ahalko baituzue.

Asier Blas: «Trump-en mezu zentrala izan da bakea sustatzea nazioartean»

Asier Blas-ek azaltzen digu Donald Trumpen hauteskundeak nola eragingo duen nazioarteko politikaren arloan.

%10 apairu gehiago banatu ditu Baionako Table du soir elkarteak joan den urtean

Urtero bezala, Table du soir egiturak neguko sasoia abiatu zuen asteartean. Aurten hirugarren urtez, udan ere bazkariak eskaini dituzte. 2023-2024 sasoian zehar orotara 25 000 otordu apailatu dituzte laguntzaileek. Bataz-beste, egunean ehun pertsona hurbiltzen dira bertara jatera. Uda honetan, usaian baino emazte gehiago izan dira, hots hartzaileen %13.

Aurten ere « Foulée du partage » izeneko lasterkaldia antolatzen du elkarteak dirua biltzeko, azaroaren 24an. Iaz 1200 lasterkarik parte hartu zuten.

Handi pilota saila proposatua barnekaldean

Duela 4 edo 5 urte, Handi pilota saila Baionan sortu zen. Hala ere, barnekaldekoentzat urrunegia zelakoan, Denek Bat pilota batzordeak behar horri erantzuteko urratsak egin ditu. Duela 3 aste hasi dituzte trebaketak.

Momentuz 3 jokalari daude, baina beste 2 interesatuak egon daitezkeela adierazi dute. Parte hartu nahi izanez gero, Denek Bat pilota batasunaren webgunean dauden telefono zenbakietara deitu behar da.

Elkar liburu, diska eta banaketa fundazioak arduradun berria hautatu du

Elkar liburu, diska eta banaketa fundazioak arduradun berria hautatu du duela zenbait aste: Juan Mari Larrartek hartu du Jose Mari Sorsen lekua.

Elkarrek liburuak saltzeaz gain, 18 liburu denda ditu, horietako bat Baionan. Argitaletxea ere bada, inprimategia badu eta banaketa enpresa bat ere bai. Elkarren diru sarreren ehuneko 80a banaketa arlotik dator, eta egunero, Gipuzkoako Aduna herrian duen lantegitik, 70 mila liburu ateratzen dira Euskal Herrira edo Espainiako estatura. Urtean 12 milioi liburu sartu eta irteten dira Elkarrek duen biltegitik.

Aurrekontuen Lege Proiektua « Lapurreta fiskala » gisa salatzen dute hainbat hautetsik

Frantziako Legebiltzarrak azaroaren 19an itxi nahi du 2025erako Aurrekontuen Lege Proiektua lehen irakurketan. Lege proiektu horrek, diru murrizketa handiak aurreikusten ditu hainbat kolektibitaterentzat. Ipar Euskal Herrian, departamendua, elkargoa, Baiona, Biarritz eta Angeluko herriak barne dira.

Hau da, normalki kolektibitateei zuzendu diruztatzea ez da eginen : 1,7 milioi Baionako herriarentzat, 1,3 milioi Biarritzentzat edota 3 milioi euro Euskal elkargoarentzat.

Baionako Prissé eskola publiko arraberritua estreinatu dute

Gaur egun eskolak 80 haur errezibitzen ditu, kopuru hori bikoiztea aurreikusten du herriko etxeak, inguruan eraikitzen ari diren 350 bizitegien eraginez. Bizitegi horiek %100 bizitegi nagusiak izango dira. 

Prissé eskolak irailean ireki zituen berriz ateak lanen ondotik, elebitasuna proposatuz ama-eskolakoei hastapen batean. Gaur egun ipar Euskal Herriko herrien %85ak du euskaraz erakasten duen ikastetxe bat gutxienez, hiru sareak kontatuz.