AHTaren proiektua ez da hila. Bordeleko hegoaldean obrak abiatuko dituztela hilabete erditsuan, auzitegiak baztertu ondoan AHTaren kontrako errekurtso bat. Baina parlamentariek moratoria bat, hots obrak hasi aitzin epe bat eskatzen dute, auzitegietan egin beste errekurtsoen emaitzen beha egoteko. Akize arte, AHTak hemezortzi miliar euroko kostua luke. Kontra bildu diren hautetsiek lehengo burdin bideen berriztea eskatuko dute preseski maiatzean iraganen den Mugikortasunaren Diruztatzeko Konferentzian. Frantses gobernuak antolaturik, bertan sektore publiko eta pribatuko eragileak bilduko dira. AHTaren kontrako hautetsiek espero dute debatean haien ekarpena egitea, "eguneroko garraioa" lehenetsi behar dela azpimarratzeko.
Berriz ere Gorka Torre Roca eta Intza Gurrutxaga euskaraz mintzatzen saiatu dira Baionako auzitegian. Ostiral arratsalde honetan deituak ziren joan den abenduaren 3an auzitegian bertan "Justizia euskararentzat" tindatzeagatik. Auziak ez du luzaz iraun, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko militanteak diren bi auzipetuek, iragarri bezala, euskaraz deklaratzeko eskubidea aldarrikatu baitute. Bi ekintzaileak behin baino gehiagotan eskatu diote epaileari euskaraz egiteko baimena. Horrek epaitegian hizkuntzaren erabileraren legezkotasunari buruzko eztabaida ireki du. Gorka Torrek euskaraz deklaratzea debekatzen duen legerik ez dela azpimarratu, eta epaileak frantses konstituzioaren bigarren artikuluaren argudioa erantzun dio. Sustenguz hurbildua zen publikoarekin nahasmenduak sortu dira. Azkenean gela hustea erabaki zuen epaileak, eta «Euskal Herrian euskaraz!» oihuekin atera dira auzitegi gelatik. Ondotik auziak segitu du bi auzipetuak gabe. Azkenean 500 euroko gibelapenezko isuna Intza Gurrutxagari eta 1000 euroko isuna Gorka Torre Rocari ezarri die epaileak. Ondoko egunetan jakinaraziko dute zigorra beteko duten ala ez.
Azkenean, Donibane Garaziko desbideraketa proiektuko bide proposamenak herritarrek ikusten ahal dituzte. Martxoaren 20an, Izpuran iragan zen bilkura publikoan, desbideraketa proposamen ezberdinen ikusteko esperantzarekin, 300 bat garaztar hurbildu ziren. Mapa batean agertzen ziren hamar bide proposamenetatik, bost hautatu dira. Eta sei garren proposamena desbideraketarik ez egitea litzateke. Orain, garaztarrek, sei proposamen horien ikusteko parada dute Herriko etxe ezberdinetan. 6 proposamen horietarik bat, biderik ez egitea da. Beste bost proposamenak, bost irizpidetan ebaluatuak dira izar batzuen bitartez. Trafiko baldintzaz, seguritateaz, zerbitzu mailaz, ingurumen kalteez eta kostuaz. Desbideraketa proposamen guzietan ingurumen kalteak eta kostu irizpideek izar guti zituzten, baina obren kostuen eta eragiten ahalko lituzketen zenbakirik ez zen. Ostegunean, Akitania departamenduko kontseilariak Donibane Garaziko herriko etxean ziren goizean eta arratsaldean Izpurakoan herritarren kezkei eta ez ulertzeei erantzuteko helburuarekin. Herriko etxeetan galdetegi andana utzi dituzte, hautu bakoitzari buruzko iritzia eman dezaten. Akitaniako departamenduko kontseilariek, herritarrak gonbidatzen dituzte galdetegi horren betetzera. Galdetegiaren betetzeko, edo herriko etxeetara hurbil daitezke edo le64.fr webgunean.
Pilotan, berezkoetara igaiteko Pro-Am txapelketa aitzin, polemika izan zen. Christophe Cigarroa eta Nicolas Dufau amateurren lehen mailako Euskal Herriko finalista eta Frantziako finalista ez baitziren hautatuak izan Pro-Am horren jokatzeko. Haatik bi txapelketen finalerdietan gelditu ziren Julen Mariluz eta Unai Etxeberri bai. Teillery-Lazkano eta Barrenetxe-Etxegoinekin batean lehiatu ziren Pro-Am txapelgoan. Bukaeran, Teillery-Lazkano nagusitu ziren eta berezko bilakatu. Ondotik abiatu zen berezkoen binakako txapelketa. Zauri ainitzengatik, Julen Mariluz eta Unai Etxeberri amateurrak deitu zituzten ordezko gisa aritzeko. Julen Mariluz eta Ximun Lambertek multzoko lehen tokia lortu zuten B mailan. Ondorioz, A mailako final-laurdenean lehiatuko dira larunbatean Arrangoitzen Iker Espinal eta Luis Sanchez nafarren aurka.
Baionako 562. Xingar feria ospatu da ostegun honetan. Amélie Etxepare urepeldarraren 14 kiloko xingarrak eraman du urrezko domina, hemezortzi hilabetez idortzen egon ondotik. Enkanteetan 2.700 eurotan saldu dute. Aurkezpen ederrenaren saria eskuratu zuen iaz laborari urepeldarrak. Lehen aldiko jaso du txapela eta biziki harritua eta alegera agertu zen. Ipar Euskal Herriko 25 xingar lehiatu dira Ezpeleta, Itsasu, Mehaine, Hazparne edo Urruña herrietatik ekarriak. Denak etxean eginak, gehienak familian, aspaldiko ohidura bati segituz. Ostegun goizean epaileak, xingarrak barnetik usaintzen ibili dira, zaldi hezur bati esker, xingarra moztu gabe. Amélie Etxepareren 14,3 gramoko xingarra izan da onena epaileen arabera. Bigarren lekuan, emaitza berarekin, Thomas Latour baionarra eta Pascal Membrède tarnostarra gelditu dira; eta hirugarren lekuan, Daniel Tailleur biarnesa.
Azken urteetan blokeaturik zen EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontuari diru gehiago ematearen alde agertu zen Frantziako Hezkuntza Ministeritza. Laster hori defendatuko duela ministeritza guzien arteko bilkuran erran die EEPko hautetsiei baita hemengo hiru senatariei eta hiru diputatuei ere ostegun huntan iragan zen bilkuran Parisen. Horrez gain, irakaskuntza mailan aitortu zuen brebetako zientziak euskaraz bakarrik Seaskako ikasleei mugatzeak ez zuela zentzurik. Arauak aldatuko dituela beste sail elebidunei orokortzeko erran zuen. Baxoari dagokionez, konplikatuago ikusten zuen berehala aldatzeko baina landu nahi duela erakutsi die hemengo ordezkariei ministeritzak. Azkenik, hirialdean, elebidunaren irakaskuntza zabaldu behar dela ere azpimarratu zuten ministeritzatik.
EGI Euzkadi Gaztedi, EAJko gazte taldea Hego Euskal Herrian jadanik plantan bada ere, Ipar Euskal Herrian talde baten sortzeko nahia agertu zaie. Iparraldeko gazte problematikei eta ideien partekatzeko xedea dute. Lurralde honetan engaiatu nahi duten gazteentzat zuzendua dela diote kideek. Arlo ezberdinak tratatzeko nahia dute, hala nola, lurralde erresiliente eta berriztagarri baten sustatzea, izan dadin, ekonomikoki edota sozialki eta ingurumenari lotutako gogoetak egitea. Bestalde, gazteak Euskal herrian lan egiteko eta bizi daitezen beharraz eta euskararen erabilpenez ere solastatu nahi dute. Talde berriaren aurkezteko eta ofizializatzeko, Baionako Moma jatetxean egun bat antolatzen dute EGIko kideek. Bertan, 11ak eta 30tan mahai inguru bat izanen da Herrigintza eta instituzioetatik haratago gaia hartuz, Aitor Esteban EBBko buruak, Peio Etxeleku Ipar Buru Batzarreko buru ohiak eta eta Aitana Agirre Europako hauteskundeetako hautagai ohiak emanik. Ondotik, besta egiteko parada izanen da.
'Gernika Batailoia. Askatasunaren Ametsa' liburua aurkeztu berri du Gernikan Franck Dolosor kazetari eta idazleak. Bigarren Mundu Gerla Europan amaitu zenetik 80 urte betetzen direla eta, omenaldi moduan argitaratu du lana, euskaraz, Pamiela argitaletxearen eskutik. Gernika Batailoia Frantzia askatzen lagundu zuen euskal borrokalarien taldea izan zen. 1945eko apirilean Pointe de Graven Alemaniako azken soldaduei aurre egin zien. Liburua idazteko, Dolosorrek lehen aldiz argitaratu diren argazki, agiri eta lekukotasunak bildu ditu. Ez da, ordea, lehen aldia kazetari senpertarrak gai hau jorratzen duena: 2015ean, Iban Gonzalez zuzendariarekin batera, brigada honi buruzko dokumentala egin zuen. Oraingo lana, bere hitzetan, dokumental horren segipena da. Kazetariak azpimarratu duenez, testigantzak biltzean gaur egungo munduaren egoerarekin paralelismoak egitea ezinbestean agertu zaio.
Bekat’uros LGBTQIA+ euskal besta hirugerren urtekoz iraganen da Atharratzen. Apirilaren 12an egun osoko egitaraua antolatu du Prefosta elkarteak, usaiako karrika inguruarekin, kontzertuekin eta ikusgarriekin. Aurten, aste osoan zehar bestelako ekimenak antolatu dituzte Xiberoako beste elkarte zenbaitekin batera, hala nola, Barkoxeko errugbi taldearekin edota Xiberoako talde feministarekin.
- Herrietako bozetan, parekotasuna bermatu beharko dute herri txikiek ere bai
- Gazteak informatzeko eta prebentzioa egiteko foroa iragan da Donibane Garazin
- Miriam Urkia: «Euskararen Erreferentzia Corpusarekin, egungo euskararen argazkia izatea dugu xede»
- Intersindikalak deialdi bateratua iragarri du Maiatzaren Lehenerako, Baionan
- Lakarriko auzapez ohiaren kontrako auzia, urtarrilera gibelatua
- Manex Fuchs: «Aberri Egunak euskaldun guztiak biltzeko ospakizuna izan beharko luke»
- «Justizia euskararentzat» aldarrikatu dute milaka pertsonek Baionan
- EEPk eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena berritu dute
- Arte lanbideak argitara, Irisarriko manufaktura lantoki partekatuan