Hiru urteetarako lan ildo nagusiak aurkeztu ditu FDSEAk

Zuzendaritza berria hautatu dute Departamenduko FDSEA sindikatuan, baita Frantzia mailako FNSEAn ere. Datorren hirurtekoan, idortearen kontrako lerroa izanen da garrantzitsuena. Orain arte Estatuari aurkeztu zaizkion 3.900 diru-laguntza galdeetatik, %30ak baztertuak izan dira. Uraren kudeaketari buruz ere mintzatu dira. Ingurugiroak hala baimentzen duen tokietan, ura stockatzeko biltegiak eraikitzearen alde lan eginen dutela adierazi du Franck Laborde, departamenduko presidente-ohi eta AGPM elkarteko buru berriak. Era berean, piztia harrapakarien kontra agertu dira. Sindikatuaren idurikotz, artzaintza eta animalia harrapakariak ez dira bateragarriak. Departamendutik, Frantzia mailara begira. Arnaud Rousseau laborantza industrialeko nagusia hautatu dute presidente. Bere enpresak 7.000 milioi euroko irabaziak izan ditu 2022an. Polemika piztu dute ere, iragan astean presidente berriak OGM-en eta mega-bazinen alde egindako adierazpenek. Nolanahi ere, lehengo zuzendaritza taldearen ber ildoa segituko duela hitzeman du Rousseak kongresuan. Iban Pebet, FDSEAko lehen idazkari-ordea izan da Euskal Irratietako gonbita:

Genero problematikari buruzko goiza Bernart Etxepare lizeoan

«Emaztea euskal jendartearen erdiguneetan» solasaldiak antolatu ditu Baionako Bernat Etxepare lizeoak, astelehen goiz huntan. Berrogei emazte inguru gonbidatu zituen ikastetxeak, adin guzietakoak eta ibilbide desberdinekin. Partekatzeko guneak sortu nahi zituzten, hamabost urte inguru dituzten ikasleentzako feminismorako heziketa bultzatzeko. Arantxa Idieder Euskal Irratietako kazetaria han izan da eztabaida baten moderatzaile lanetan aritzeko. Baliatu da hizlariekin eta antolatzaileekin hitz egiteko.

Bizitegi sozialak, interpretazio zentro bat eta enpresa mintegi berri bat, Bankan

Proiektu andana abian dira Aldude ibarreko Banka herrian. Olha etxea eskuratu du herriko etxeak, lehenago meategiko langileen kantina eta lo lekua izan zen gune horretan, Kintoa ardatz izanen duen gunea eraikitzeko. Besteak beste, Kintoaren bulegoak izanen dira bertan, baita kintoari buruzko interpretazio zentro bat eta enpresa mintegi bat. Horrez gain, Tunio izeneko eraikinean, pertsona adindunei zuzenduriko sei bizitegi sozial zabalduko dituzte ekaina hondarrean. Langile bat hartuko dute gune horren kudeaketaz arduratu dadin. Batitainia etxean ere, beste hiru etxebizitza sortzekoak dira, bereziki, familia eta gazteentzat. Bankako haurtzaindegia handitzeko egitasmoa ere abian da Xapatenoinia etxean. Mixel Oçafrain auzapezak Olha etxeko proiektuaren argitasunak eman dizkigu:

 

Milioitik gora euro bildu nahi ditu Etxaldek, Bokalen zortzi bizitegi sortzeko

Ekaina bukaera aitzin, milioi bat eta hirurehun mila euro bildu behar ditu Etxalde kooperatibak, Bokalen garatu nahi duen etxebizitza proiektua segurtatzeko. Haatik, kopuru horren %10a baizik ez dute erdietsi. Hori dela eta, «Etxebizitza liburuxka» delako dispositiboa sortu dute desafioa bultzatzeko. Beñat Etxebest, Etxaldeko buruaaren arabera, horrelako egitasmoak garrantzitsuak dira etxebizitza krisiari buru egiteko.

Euskararentzat garai berri bat idekitzeko aldarria Baionan

Hiru milatik gora pertsona bildu dira, euskarak Ipar Euskal Herrian dituen trabak salatu eta hizkuntza politika berri bat galdegiteko. Manifestazio bukaeran Xabi Ibarbur Uda Lekuko presidentak eta Elorri Falxa Seaskako irakasleak hartu dute hitza. Frantziako Estatuari dei egin diote, baina baita Ipar Euskal Herriko erakundeei ere. Egiazko hizkuntza politika bat, euskalgintzako eragileentzat baliabideak, eta euskararentzat lege koadro bat eskatzeko. Euskal Konfederazioko eragileak prest agertu dira euskaren aldeko hitzarmen berri baterako lanetan parte hartzeko.

Gazteen hizkuntza usaiak mahai gainera, Hendaian

Gazteak euskararekin engaiatuak ote dira? Kontzientzia ba ote dute euskara baliatzeko mementuan? Galdera hauek eta beste batzuk erantzunen dira astearte honetan Hendaian, Soziolinguistikako Klusterrak antolatu duen jardunaldian. Eneko Gorrik, Iparraldeari buruzko datu eta zenbakiak emanen ditu, eta Miren Artetxek arloaz egin duen tesia azalduko du. Horrez gain, gazteek euskara baliatzeko dituzten toki eta guneetaz ere ariko dira, EHZ, libertimendu, Seaska edo Euskarabenturako ordezkariak. Gazteen usaiak euskararekin gehien landu dituenetako da Jaime Altuna unibertsitateko irakaslea:

Kalakaño, haurtzaindegietan euskara hedatzeko ekinbidea

Euskal Hirigune Elkargoak urtean zehar haurtzaindegi euskaldunei ekartzen dien laguntzaren erakusleihoa da Kalakaño. Haurtzaindegiek ezinbesteko eginkizuna dute euskararen transmisioan, horregatik kolektibitateak haurtzaindegi euskaldunen sarea egituratzen laguntzen du LEHA lehen haurtzaroaren euskarazko harrera dispositiboaren bidez, besteak beste, euskara ikasteko formakuntzak langileei proposatuz. Kalakaño, euskarazko lehen haurtzaroaren hitzorduaren aurtengo edizioaren karietarat apirilaren 22tik maiatzaren 5era, 30 ikusgarri eta tailer inguru eskainiko dira hainbat haurtzaindegietan. Apirilaren 23an igandearekin familien eguna, hitzorduak: Baionan, Bardozen, Lakarran eta Maulen.

Sarasua bertso-paper lehiaketaren sari-banaketa Ziburun, igande honetan

Aitor Sarasua bertsolari zenaren omenez sortu bertso-paper sariketaren bigarren edizioa egin berri da. Sari banaketa apirilaren 23an eginen da Ziburun, Baltsan elkartearen egoitzan. Ondotik 13:00etan bertso bazkariarekin segituko du egunak, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia entzungai izanen dira. Bestalde maiatzaren 6an Azkainen jokatuko da Gazte Xilabaren lehen kanporaketa eta finala Itsasun maiatzaren 28an. Gai emaileendako formakuntza bat ere eginen da ekainaren 3an Senpereko Larraldean Amaia Aguirrerekin.

Gure Eskuk nazioarteko konferentzia antolatu du bihar Irunen

Euskal Herriak bere burujabetza ukan dezan lan egiten du Gure Esku plataformak azken hamar urteetan. Urteurrenaren kari, nazioarteko konferentzia antolatu du apirilaren 22an, Irun eta Hendaia arteko mugan den Fikoba aretoan. Irlanda, Eskozia, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko hizlariak izanen dira. Ficobara dei egitearekin batera, egun berean Euskalgintzak Azterketak Euskaraz! Euskarari Trabarik ez! lelopean deitutako manifestazioarekin bat egin du Gure Eskuk.