Ehundik gora etxegabe aterpetu ditu Hendaiako CCASak iragan neguan

Hendaiako CCAS Gizarte Ekintzarako Herriko Zentroak, aurtengo neguko aterpearen bilana egin du. Karrikan bizi diren pertsonak neguko tenperatura hotzetaz babesteko xedez, hamabi ohe proposatu dituzte abendu hastapenetik, martxoa hondarrera. Orotara 104 pertsonek erabili dituzte.  Gehienak 30 eta 60 urte arteko gizonak izan dira, erdia frantses nazionalitatekoak, eta beste erdia, Afrika eta Europa osotik jinak.

Bordeletik Baionara bizikletaz, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarri

250 kilometroko erronka, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Bizikleta martxa abiatuko dute Eztitxu Robles kolegioko 22 ikaslek eta irakaslek. Bost eguneko ibilbidea eginen dute, aldarrikapenari hedapena eman eta ibiakoitzean Baionan ospatuko den manifestaldi handian bururatzeko. Gaurko Euskal Irratietako gomitak izan dira Johane Larre ikaslea eta Gilen Zaldunbide irakaslea. Azken prestaketen berri emaiten digute:

Foru eta udal hauteskundeak maiatza hondarrean, Nafarroan

Heldu den laurtekorako gobernu, legebiltzar eta udalak bozkatuko dituzte maiatza hondarrean Nafarroan. Iragan aldian ez bezala, UPN eta PP eskuineko alderdi nagusiak bereizirik aurketuko dira, eta VOX ekuin muturreko alderdia lehen aldiz sar liteke legebiltzarrean. Horrek bidea errezten ahal dio Maria Txibiteri, PSN alderdiko hautagai eta egungo Nafarroako presidenteari. EH Bilduk koxka bat gora eginen luke inkesten arabera, eta Geroa Bai alderdiarekin batera, gakoa ukan lezake Nafarroako presidentea hautatzeko negoziaketa luzeetan. Joxerra Senar, Nafarroako Berria egunkariko kazetariak xehetasunak eman dizkigu Euskal Irratietan.

 

Angeluko Juzan oihana, eraikuntza iraunkorrari dedikatu teknopolo batek mehatxaturik

Angelun Arkinova akitibitate gunearen proiektuak haserrea piztu du. Goi mailako ikasketak eta eraikuntzako lanbideei zuzendu gunea litzateke. 2017an bozkatu zen Euskal Hirigune Elkargoan. Baina gaur egun Angeluko Juzan oihan inguruko elkarte eta biztanleek salatzen dute eremu naturaleko zortzi hektarea suntsituko dituela. Hauen artean laborantxa lurrak. Kontzertazio publiko bat bidean da, eta apirilaren 20ra arte herritarrek beren iritzia uzten ahal dute elkargoaren webgunean. Jakin ere Arkinova proiekutaren kontrako petizio bat abiatu dela sarean.

Basabürüko eskolen bateratze pedagogikoa, heldu den ikasturtean

Basabürüko hamasei herrietatik hamamahiruk parte hartuko dute eskolen bateratze egitasmoan. Horien artean, Iruri eta Liginagako kontseiluek kontra bozkatu zuten. Haurrak hiru eskolen artean banatuak izanen dira, adinaren arabera. Ama eskola Montorin eginen dute, euskarazko murgiltze sisteman. Lehen mailakoak Ligin izanen dira eta helduenak Atharratzeko eskolan. Urtez urte murgiltze sistema beste eskoletara hedatzea da xedea.

Eneritz Zabaleta: «Erreferenduma antolatzen badu, ezezkoa biltzeko beldur da Frantziako Gobernua»

Hiru hilabetetako krisi sozial eta instituzionalaren ondotik, gaur mintzatuko da Emmanuel Macron presidentea. Erretreten erreformaren kontrako mobilizazioek hankaz goiti ezarri dute Frantziako exekutiboaren zilegitasuna. Azken asteetan atzerrian bilkurak egiten ibili ondoren, lehen lerrora itzuliko da presidentea mintzaldi solemne batekin. Telebistan emanen dute arratseko 20:00 orenetan. Ber momentuan, hainbat manifestarik erreformaren kontrako protesta eginen dute Hendaiako herriko etxe aitzinean. Eneritz Zabaleta izan da gaurko Euskal Irratietako gonbita.

Baldintzapeko RSA entseatzen ari dira Biarnoan

Departamenduan, RSA 600 euroko elkartasuneko irabazi minimoa biltzen duten 2000 pertsonekin “Baldintzapeko RSA” dispositiboa abiatu du. Pertsona horiek, astero hamabost eta hogei oren arteko aktibitate bat justifikatu beharko dute laguntza ukaiteko. Enpresa batean ikastaroa edo elkarte bateko laguntzaile gisa izaiten ahalko da. Neurriaren kontra agertu da oposizoa, eta “kontratu gabeko lana“ dela salatu du. Esperimentazioa martxo erditsutan hasi da Biarnon eta beste eskualde batzuetan, gerora Frantzia osoan hedatzeko xedez. Gaur egun 15.000 pertsonek jasotzen dute RSA laguntza minimoa departamenduan.

Etxe huts bat sinbolikoki okupatu dute Irabarnen

Etxe hutsen problematika, agerian berriz ere Xiberoan. Irabarneko bigarren etxebizitza bat okupatu du XEEK Xiberoako espekulazioaren kontrako kolektiboak. Hogei bat pertsona sartu dira barnean eta « Bigarren etxebizitzak, herrien heriotza » dela salatu dute. Horrez gain, Irabarnen hutsik diren beste bederatzi etxebizitza seinalatu dituzte.

Lehen haurtzaroa eta familia politikan bost urteko konbenioa izenpetu dute Angeluko herriak eta CAFek

Urtero hamar milioi euro jartzen ditu Angeluko herriak lehen haurtzaro eta familien aldeko politikan. CAFak bere aldetik 8700 familia laguntzen ditu herrian. Hitzarmen horri esker, buraso berrien desmartxak errestea da xedea, haur elbarrituen integrazioa hobetzea edo ama-eskolan sartzea sinplifikatzea. Orotara 21 ekintza adostu dira bi parteen artean.