Duplomb legea «eztabaidarik gabe» onartarazi nahi du gobernuak

Ingurumena babesteko arauak arindu, laborarien kexua apaltzeko. Eztabaida piztu du Duplomb diputatuaren lege proposamenak, baita arrangura ere talde ekologisten artean. Izan ere, 2018tik debekatua den acetamiprid intsektizidaren baliapena legeztatzea edota ur biltegi handiak baimentzea aitzinikusten du legeak. FNSEA eta Coordination Rurale sindikatuak haren alde mobilizatu dira astelehenean. Parean aldiz, Confederation Payssane eta kolektibo ekologistek lege proposamen horren kalte larriez ohartarazi dute. Alde batetik, lege horrek agro industriaren interesen alde egiten duela salatu dute, laborari ttikien geroa dudan emanez. Izan ere, lege horrek ur biltegi handien eraikuntza baimendu nahi du. Legea kritikatu dutenen arabera, horrek erran nahi du, laborantza enpresa handiek ur baliabideak monopolizatzen ahalko dituztela.Talde ekologistek ere biodibertsitatean eta gizakion osagarrian eraginen duen kaltea nabarmendu dute. Duplomb neonikotinoideen familiako acetamiprid intsektizida legeztatu nahi du. Produktu hori 2018az geroztik debekatuta dago, intsektu polinizatzaileentzat, adibidez erleentzat, kaltegarria baita, eta ur akuiferoak kutsatu ditzakeelako. Gobernuak lege horren eztabaida saihestu nahi zuen legebiltzarrean, eta ondorioz, legea bertan behera uzteko helegitea aurkeztu du, geroan batzorde misto parekidean onarrarazi ahal izaiteko. Egiteko manera horren kontra mintzatu da Peio Dufau EH Bai alderdiko legebiltzarkidea:

Frantzia Intsumituko eta Berdeen alderdiko diputatuek 3.500 emendakin inguru aurkeztu zituzten lege proposamen horren kontra. Horrek legearen onarpena blokatu zezakeen Asanblada Nazionalean. Horregatik, Duplomb legea batzorde misto parekidean onartzeko bidea lehenetsi du gobernuak. Asteazkenera bitarte, departamendu orotan ekintza sinbolikoak eginen zituztela ohartarazi zuen Arnaud Rousseau agro industriako AVRIL multinazionaleko buru eta FNSEAko presidenteak, baina, ororen buru, bertan behera utzi dituzte mobilizazioak.

Iparraldeko 3.500 hiztunek parte hartu dute Euskaraldian

«Izugarria izan da ariketak sortu duen mugimendua». Halaxe laburbildu dute Euskaraldiaren arduradunek hirugarren edizioaren bilana. Igandean bukatu zen Euskaraldia, hizkuntza ohiturak euskarara gerturatzeko hamaika egunetako ariketa. Arduradunek azaldu dutenez nehoiz baino herri gehiagok hartu dute parte Euskaraldiaren antolakuntzan, Barkoxetik Tuterara. Hamaika egunez, edozein eremutan, edozein egoeratan, euskara lehenesteko erronkarekin bat egin dute Euskal Herri osoko 135.000 pertsonek. Euskaraldiaren edizioa arrakastatsua izan dela nabarmendu dute antolatzaileek, izan ere, nehoiz baino herri gehiagotan muntatu dituzte batzordeak 450 herritan xuxen erraiteko. Gainera 7.500 entitatek bat egin dute dinamikarekin, tartean enpresak, elkarteak edota kolektiboak. Ipar Euskal Herrian ere balorazio baikorra egin dute antolatzaileek. Ipar Euskal Herrian, iragan edizioko kopuruak mantendu dira izen emaiteei begira. Orotara 3.500 pertsonek parte hartu dute ofizialki ariketan. Horrez gain, Iparraldeko 317 entitate ere engaiatu dira Euskaraldian. Aurtengo Euskaraldiaren eragin sozialaren indarra neurtzeko ikerketa soziolinguistiko bat garatuko dute datozen hilabeteetan.

Azterketak euskaraz egin ahal izateko «urratsak» hitzeman ditu Errektoreak

Jean-Marc Huart Akitania Berriko errektorea Ipar Euskal Herrian zen astelehen honetan, euskararen irakaskuntzaren berri hartzeko sail publikoan eta Seaskan. Jakina da irakaskuntza elebidunak odol hustea pairatzen duela ikasleak kolegiorat joaiten direnean. Hizkuntzari lotuak EZ diren kolegioko ikasgaiak garatzerat saiatuko direla erran du ikasle gehiagok segi dezaten irakaskuntza elebidun bigarren mailatik goiti ere. Seaskak salatu zuen irakasle postu eskasia heldu den sartzerako. 2017tik 71 postu gehiago ezarriak izan direla erran dauku Jean-Marc Huartek eta aurten ere abantzu lau postu gehiago. Sail publikoari dagokionez, ikasleen %40 baino gehiagok ibilbide elebiduna segitzen du. Gero %22k bakarrik kolegioan eta %10k lizeoan. Odol huste horren arazoari buru egiteko zer egiteko prest den galdeginik, Jean-Marc Huart errektorea horrela mintzatu da: «Piramide antolaketa hori zilindriko bilakatunahi nuke. Kolegioan zentratu, eta hizkuntzari lotuak ez diren ikasgaiak garatu nahi nituzke. Eragile guziekin antolatu bi bisita hauen bidez, gaia hobeki eneganatzea zen helburua, eta norabide bat plantan ezarri ikasle gehiagok sail elebidunean segi dezaten». Euskararen Erakunde Publikoko aintzinkontuari buruz, jakina da Frantziako estatua eta departamenduaren diru ekarpena ez dela emendatu azken urteetan. Gogoeta baikorrak aitzina segitzen duela norabide baten markatzeko dio.

Larresoro eta Arrangoitze-Basusarri, errugbiko Federale 2 mailara igan dira

Emak Hor taldeak 10 tantoz irabazi du Donapaleuren aurka itzuliko partida bere zelaian joanekoa puntu bakar batez galdu ondotik. Inthalatzek hiru puntuz galdu du Biarnoan Ganen igandean baina joaneko partidan bildu 12 tantoren abantaila aski izan da final-zortzirenetarako sailkatzeko. Datorren igandean, Caussade parean izanen du Emak Hor taldeak eta Rodez Larresorok.

Ursuya klinikako 60 langileak, zuzendaritzarengatik «bazter utzirik»

Ostiral eguerdi horretan bildu ziren zuzendaritzarengandik abandonatuak izan direla salatzeko. Apirilaren 30etik ez da gehiago eririk egoitzan, baina lanera etortzen dira beti langileak haien kontratuak segitzen baitu. Belage taldearen esku da klinika, eta Eskualdeko Osasun agentziak lanean hartzeko baimenak ezeztatu zizkion eta ateak hetsi zituen. Langileak zuzendaritzaren «kanporaketa» manuaren zain dira, eta kalte-ordainak espero dituzte. Langileek beren haserrea eta nekea adierazi dute. Hauetan da Intza, klinikako dietalaria da. Azken aste hauetan egunak nola iragaten dituzten erran digu: «Goaitatzen dugu, heldu gira gure orenetan eta eguna pasatzen dugu, batzuek kirolean, besteak kartetan, telebista begiratzen». Mementoko kontratupean dira 60 langileak beraz lanera etortzea behartuak dira pagatuak izateko. Dimisioa ematen badute ez lukete konpentsaziorik eskuratuko. Zuzendaritzaren "estrategia" bat dela uste du Intzak, baina berak argi du «bururaino egonen naiz, behar duena pagatuko du». Kanboko herriko etxeko kontseiluko hainbat hautetsi hurbildu dira ostiral horretan langileen sostenguz.

Iker Elizalde: «Bakartasuna ez dugu inoiz senditu Kontseilu departamentalean»

Hendaia, Urruña eta Biriatuko kantonamenduko Departamenduko kontseilari abertzaleek, Iker Elizaldek eta Annie Povedak, mandatu erdiko bilana egin dute gure antenan, Goiz Berriko gomita genuen Iker Elizalde. EH Baik dituen Departamenduko kontseilari bakarrak izanagatik ere, EZ direla BAKARRIK sentitu Pauen, aitortu du Elizaldek, eta, bilan ona egiten du. Hendaiako kantonamenduko hainbat proiekturentzat dirua ekarri dutela dio, hala nola Urruñako sukalde kolektiboarentzat, Hendaiako igerileku berriarentzat, edo Larrungo mendi kaskoko lanentzat, besteak beste. Aurrekontuaren kontra bozkatu zuten, funtzionamendua segurtatu behar dela diote, eta inbertsioak apaldu, Departamenduko kontuak, egoera larrian baitira. Kantonamenduaz kanpoko aferez ere okupatu dira, euskararen dosierrean prefeta interpelatu baitzuten. Erlaitzeko kostaldeko bidea gai minberatsua izan bada ere, higadura azkarrak baitira bide horretan, gaur egun hestearen kontra dira, baina ondoko hamar urteetarako bide alternatiboak atzeman beharko liratekeela uste du Iker Elizaldek. Harekin egin elkarrizketa osoa entzungai izanen duzue euskal irratien webgunean.

Aroztegiko zazpi auzipetu baztandarren kontrako auzia abiatu da

Atzo hasi da zazpi baztandarren kontrako epaiketa, Aroztegiko lanak geldiaraztea egotzita. Hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak galdegin dizkiete orotara. Auzipetuei elkartasuna adierazteko hainbat elkarretaratze eta protesta-ekintza antolatu ditu Aroztegiko Elkartasun Komiteak epaiketa egunetarako. 200 luxuzko etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zuen promotore batek Lekarozko herrian, Baztanen. Obrak geldiarazteko kanpaldi jendetsua egin zuten bertan hamarnaka baztandarrek, eta horietarik zazpi eraman dituzte epailearen aitzinerat. 20 urteko presondegi zigorra eta 56.000 euroko isunez gain, milioika euroko kalte ordainak galdegiten dizkiete. 2021eko apirilean iragan zen hirigintza proiektu hori geldiarazteko protesta ekimena, desobedientzia zibilaren bitartez. Elkartasun komitetik ekimenak antolatu dituzte egunero Nafarroako auzitegiaren aitzinean, mintzaldi, elkarretaratze eta mahai inguruekin.

Biarritz Olympique hirugarren mailara jaistearekin zigortu dute

Biarritz Olympique errugbi taldeak ProD2 maila galdu du eta Nazional mailara jaitsi da, bere egoera finantzario larria dela eta.  Hala agindu du astelehen honetan LNR Errugbiko Liga Nazionalak, behin behineko zigor administratiboaren bidez. Milioi bat euro behar ditu Miarritzeko taldeak errugbi profesionalean segitu nahi badu heldu den sasoian. Frantziako txapeldun handien artean izan den klub miarriztarrak bere aldetik helegitea pausatuko duela erran du ohar bidez, eta kirol agintaritzarekin lankidetzan aritzeko borondate duela gehitu du. Herriko etxeak bere sustengu osoa adierazi dio klubari, baina ez du finantzamendu mailan laguntzeko engaiamendurik erakutsi. Mikel Amilibiak esatari edo speaker lanak egiten ditu etxeko partidetan. Ez du sorpresaz hartu erabakiak. «Ostiraleko partidan jakin genuen berria. Zurrumurru anitz badira baina egoera hau ez da berria. Ez dut uste mailaz jaitsiko garenik, atzemanen da konponbide bat».

ErrobiL heren-gune soziala estreinatu dute Itsasun

ErrobiL heren-gune sozialaren estreinaldia ospatuko da larunbat honetan Itsasun. Materialaren berrerabiltegi solidarioa eta konpontze tailer soziala ireki zuen Aiba elkarteak joan den urtarrilean lehengo La Nive arta zentroan. Etxetresna elektriko edo xintxuketa materiala han utz daitezke eta bertako teknikariek ikusten dute berrerabilgarri direnez behardun bati prezio apalean saltzeko. Horrez gain, edonor tailerrera joan daiteke bere materiala konpontzeko, teknikarien kontseiluei esker elkarteari kidetuz. Estreinaldia larunbat goizean egin dute. Gune berriaren bestan horretan, bisita gidatua, ekitaldi ofiziala eta animazioak lerrokatuko dira.