Herriko bozetarako hautagaitzen pausatzeko epemugaren bezperan, azken minutuko hautagaitzak agertzen ari dira. Ozazen aurkeztu behar zuen Maite Etxeberriak bere lekua utziko du. Alduden eta Atharratzen ateratzen diren auzapezen aurka lehiatuko dira.
Herriko bozetarako hautagaitzen pausatzeko epemuga baino ordu bat lehenago, bazterrak inarrosten ari dira Baxe Nafarroan. Hori dela eta, azken minutuko informazioen arabera Alduden, Atharratzen, eta Ozazen bi lista aurkeztuko dira, eta lehia izanen da martxoaren 15ean.
Aldude
Alduden, 2020tik auzapeza den Martin Suquilbidek bigarren mandatua egin nahiko luke eta lista bururatzen ari da, bost hautetsik tokia utzi eta gero. Parean beste lista bat muntatu da eta ofizialki prefeturan pausatua izan 'Alduden elgarrekin' izenean. Sei emazte eta bost gizon dira, baina lista burua ez dute oraindik iragarri. Jakin 330 bat biztanle direla gaur egun Alduden.
Atharratze
Atharratzen ere bi lista izanen dira azken finean. Duela hamabost egun ez zen listarik Basabürüko hiriburuan eta aste batez bi lista eraiki dira. Gure informazioen arabera, bata Maite Pitrau auzapezarena da, eta bestea oposiziozkoa Kevin Le Tout zerrendaburuarekin.
Ozaze
Xiberoan beti, azken momentuko sorpresa da, Maite Etxeberria Ozazeko auzapeza ez da berriz aurkeztuko hirugarren kargualdi batendako Hori hola, Xiberoko Ozaze herrian bi zerrenda izanen dira. 85 herritar badira orotarat Ozaze eta Zühara biltzen dituen herri ttipian. Azken urteetako lan nagusietan plazaren berritzea izan zen eta aloiamendu eta lurren erosketak egin dira etxebizitzako arrangurari arrapostu emaiteko.