EEPren bi ordezkarik Polizia Judizialaren aitzinean deklaratu zuten irailean, interes gatazka arrazoitzat harturik. Azken hilabeteetan, EEPren kontrako erasoak metatzen ari dira eta Estatuaren portaerak euskararekiko zalantzak sortzen ditu.
Euskararen kontrako erasoak metatzen ari dira azken aste horietan espazio publikoan. Baina instituzioetan ere egoeraren larritasuna emendatzen ari da. Berrikitan, Euskararen Erakunde Publikoaren bi ordezkari Polizia Judizialaren aitzinean deklaratzera deituak izan ziren irailean, Poliziako komandante bat EEPren bulegoetan agertu ondotik. Aitzinekorik gabeko gertaera horren ondotik, azken hilabeteetan EEPk pairatu dituen eraso desberdinak zabaldu dituzte hautetsi eta aktore publikoek.
Ekainean, EEPk egindako biltzar nagusian interes gatazka bat izan zela salatu zuen Prefetak, eta inkesta idekitzea galdegin zuen. Seaskaren aldeko diru-laguntzaren emendaketaren alde bozkatu zuen ordezkarietariko bat, Anita Lopepe, Seaskako ko-lehendakari batekin lotua izaitea salatzen zuen prefetak. Alta, emendaketa hau Ipar Euskal Herrian Euskararen alde lanean ari diren beste elkarteei ere aplikatzea erabaki zuten, izan AEK edo Euskal Irratiak. Anita Lopepe bera eta Maider Behotegi Euskal Elkargoko lehendakaria deklaratzera izan ziren. Azken finean, prokuradoreak fite zabaldu zuen: ez, ez zen interes gatazkarik afera horretan.
Hormamendiaren alderdi gordea
Azken hilabeteak euskararen kontrako erasoz beteak dira. Aski da hedabideen idekitzea metatzen ari diren salaketen berri ukaiteko: prefetaren euskararen aitorpen ofizialaren kontrako errekurtsoak hainbat herritan, auzapezei igorria izan zaien gutuna herrietako paneletan izenak frantsesez arra ezar ditzaten, karriken euskarazko izenen debekatzea... Eraso publi guzi horiei gehitu zaizkie EEPri egindako azken salaketak. Anita Lopepek argi du: “iduri du Frantses Estatuak euskara bera judizializatu nahi duela”.
Antton Kurutxarri Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea gure Goiz Berriko gomita izan da, hark argi du: EEPren kontrako erasoak biderkatzen dira azken hilabete horietan. Besteak beste, 2025eko abenduan, jadanik, duela urte frango plantatua zen Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza baten kontra agertu zen Estatua. Franztiako Atzerri Arazoetako ministerioa EEPrengana hurbildu zen, holako diru zama handi baten ezartzeko “kanpoko podere” batek interes kukutuak ukan ditzake azalduz. 2026ko martxoan suprefetak zalantzan jarri zuen EEPren eta CNFPT edo Lurraldeetako Funtzio Publikoaren Frantziako Zentroaren arteko hitzarmena.
Gogo bat bada auziperatzeko, eta horrek 20 urteko kontsentsua hausten du
Antton Kurutxarri, Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea
Su-prefetak Estatua ordezkatzen du EEPn, eta beraz, hurbiltasun handia dute EEPko hautetsiekin. Horrek du, gehienik, Antton Kurutxarri harritzen. Beste egiteko manerak baziren, bere arabera, Seaskari buruzko gai horren konpontzeko: dei sinple bat, adibidez. Bide judiziala hartzeak “Gogo bat bada auziperatzeko, eta horrek 20 urteko kontsentsua hausten du”. Ipar Euskal Herriko parlamentariek Frantziako Barne ministroarengana joko dute.