Baiona (Lapurdi)

Baionako Masters 2026: Ospital-Iphar bikoteak jantzi du txapela

Mathieu Ospital eta Andoni Iphar nagusitu zaizkie Pierre Etxeverri eta Ellande Orhategarairi (40-26), Moderne trinketean jokatu finalean.

Baionako Masters 2026: Ospital-Iphar bikoteak jantzi du txapela
2026ko Baionako Masters txapelketaren finala. EUSKAL IRRATIAK
Mattin Lerissa
2026/07/19 14:26

Baionako besten kari jokatu da, usaian bezala, esku huskako Masters txapelketa Moderne trinketean. Aurtengoa Plekari elkarte berriak antolatu du, eta ikusle parrasta bildu da berriz ere trinketera. Mukuru betea zen, eta bero handiak pilotarien lana zaildu badu ere, maila handiko finala eskaini dute lau pilotariek.

Mathieu Ospital eta Andoni Iphar nagusitu zaizkie Pierre Etxeverri eta Ellande Orhategarairi, 40 eta 26. Hastapenean orekatua izan da partida. Etxeverrik eta Orhategaraik gogor ihardetsi dute, lehen hamabost tantoetan ez baitzen bi pareen artean alde handirik. Baina, partida aitzina joan arau, Ospitalen esperientziak eta Ipharren lanak diferentzia egin dute. Bereziki sakean, Ospitalek kintzeak trenkatu ditu, eta hortik goiti irabazleek ez dute gehiago beren aitzina galdu.

Partidaren ondotik, Andoni Ipharrek aitortu du ez dela berehalakoan sartu jokoan. «Harro niz Mathieurekin irabazirik. Partida aski konplikatua izan da, eta denbora hartu dut partidan sartzeko. Hastapenean parean murru bat ginuen. Ellandek lehen hogei tantoetan pilotakada guziak harrotu dauzkigu. Uste dut hogeitik goiti izan dela haustura. Bi edo hiru tantoren aitzina hartu dugu, eta gero Mathieuk segidan hiru sake ezarri ditu. Hortik goiti gaina hartu dugu eta abantaila atxikitzen jakin dugu bukaeraraino.»

Ellande Orhategarairen hitzetan aurkariek hobeki baliatu dituzte partida trenkatzeko momentuak. «Baginakien partida zaila izanen zela. Lehen hamabortz tantoetan lauek eman dugu ginuen gehiena. Gero, hogei tantoetan, gu pixka bat beheititu gira, eta haiek hamar tantoren aldea egin dute. Mathieuk badu esperientzia; sake batekin ezker, bertzearekin eskuin, kintzea trenkatzen zuen behar zelarik. Aitzina hori hartu dutelarik, biziki zaila zen. Lehen Mastersa eta lehen finala nituen; hola ikasten omen da. Kontent halere egun hori biziturik. Bistan da galtza xuriak ezartzen ditugularik irabazteko dela, baina ez da beti egiten ahal. Biba haieri, eta agian bertze aldian itzuliko da gure alde.»

Interesgarri izanen zaizu