Baiona Mugimenduan eta Bayonne Tout Simplement zerrendek bat eginen dute igandeko bigarren itzulirako: prentsaurreko batean aurkeztuko dute aliantza gaur. Bi zerrendek baturik, bozen %43,4 lortu zuten lehen itzulian; Etxegaraik baino %1,3 gehiago.
Baionan, ezkerreko bi zerrendek indarrak batzea erabaki dute hauteskundeen bigarren itzulira begira. Baiona Mugimenduan eta Bayonne Tout Simplement zerrendek aliantza osatuko dute, eta zerrenda bateratu gisa aurkeztuko dira igandean, “Rassemblés pour Bayonne — Elkarrekin Baionaren alde” izenpean. Akordioa atzo izenpetu zuten bi aldeek, eta gaur arratsaldean aurkeztuko dute ofizialki prentsaurreko batean. Berriak aurreratu duenez, Jean Claude Iriart izanen da zerrendaburua, eta Henri Etxeto harekin batera ariko da proiektu bateratuan.
Martxoaren 15eko lehen itzulian lehen kausitu zen Jean-René Etxegaraik baina %1,3 bozka gehiago lortu zituzten ezkerreko bi zerrendek baturik. Honi, Sandra Pereira LFI Frantzia Intsumituko kideak lorturiko %3,8 ere gehitzen ahalko litzaioke aliantzaren bozka oinarria kalkulatzerakoan. Iriart buru izanen duen zerrendak bi hautagaitza izanen ditu parean igande honetako bigarren itzulian: Jean-René Etxegarai auzapez eta auzapezgaia batetik, eta Pascal Lesellier eskuin muturreko hautagaia bertzetik.
Lehen itzuliko emaitzek bultzatu dute akordioa: bi zerrendek batera bozen %43,4 bildu zuten, Jean-René Etxegarairen zerrendak baino %1,3 gehiago. Testuinguru horretan, ezkerreko hautagaitzek aukera erreala ikusten dute bigarren itzulian garaipena lortzeko. Bi hautagaiek azpimarratu dute 2020ko hauteskundeetan izandako porrotetik ikasi dutela, eta oraingoan ezkerraren sakabanaketa saihestea dela helburu nagusietako bat. Hori dela eta, ezkerreko hautesle guztiei dei egin diete aliantza berriaren alde egiteko. Programa politikoari dagokionez, desadostasunak gainditu eta proposamen “egonkor” bat osatzeko borondatea agertu dute. Helburua argia da: heldu den igandean “alternantzia bat” lortzea Baionako udaletxean.
