Biharko eklipsea segurtasunez begiratzeko begi-lagun bereziak eskuratzea zaila da

Izan optikarietan, supermerkatuetan, farmazietan edo egunkari saltegietan… askok ez dute gehiago eklipse-betaurreko berezirik. Alta, ziurtatuak diren betaurreko horien erabiltzea ezinbestekoa da asteazkeneko eklipsearen ikusteko.

Biharko eklipsea segurtasunez begiratzeko begi-lagun bereziak eskuratzea zaila da
Eklipsea %100ekoa ez bada, ezinbestekoa da betaurreko bereziekin begiratzea. EUSKO JAURLARITZA
Lorea Mailharrancin
2026/08/11 09:54

Eklipse betaurrekoen eskuratzea ibilbide konplikatua da. Farmazia batzuek manatu dituzte eta eklipsearen bezperan edo egunean bertan eskuratu beharko lituzkete; ondorioz, farmaziak deitzen ahal dira betaurrekoak erreserbatzeko. Turismo bulegoek ere pare batzuk berriki eskuratu dituzte eta, Hendaian adibidez, bana ematen dute familia bakoitzeko.

Florentxa Elizondok, Garaziko optikariak, adierazi digu, optikari gehienetan bezala, ez dutela gehiago betaurreko berezirik eta ez dituztela berriro ukanen.

Bestalde, egunkari saltegietan, magazin edo egunkari batzuekin ere aurkitzen ahal dira batzuetan, baina kasu: segurtatu ISO 12312-2 ziurtagiria dutela. Erretina erretzen bada, bista partez edo osoki galtzen ahal da. Horrendako, eklipsea begiratu nahi baduzue, segurtatu betaurrekoak ez direla andeatuak eta ziurtagiri ona dutela. Modu berean, ez dira bali eguzkitako betaurrekoak, ez eta etxean sortutako konponbideak, izan erradiografia edo bertzelako plastikozko filtroak.

Eklipse totala ikusiz gero, hots, Ipar Euskal Herritik kanpo, eguzkia erabat kukutua denean baizik ezingo dira begi-lagunak kendu, gaurko Goiz Berriko gomita zen Mikel Falxa astrofisikariak azaldu duenez.

Interesgarri izanen zaizu