Michel Hiriart auzapez ohiak aurkeztutako helegitea aztertzen ari da Paueko administrazio auzitegia. Testuinguru horretan, Biriatuko Herriko Etxeak trakta bat banatzen hasi da, herritarren kezkak argitzeko.
Martxoaren 15eko herriko bozak galdu ondoren, Michel Hiriart auzapez ohiak helegitea aurkeztu zuen, bozen kontaketa ez zelako legeak aurreikusten duen moduan egin salatuz: Hauteskutxak ireki aurreko prozedura ateak itxita egin zelako eta kontaketa ordubeteko atzerapenarekin hasi zelako. Horren ondorioz, hainbat hedabidek zabaldu dute litekeena dela Biriatuko herritarrak berriz bozkatzera deitzea.
Testuinguru horretan, Biriatuko Herriko Etxeak trakta bat banatzen hasi da igandetik, herritarren artean egoera argitzeko. Bertan azaltzen denez, Michel Hiriartek 2026ko martxoaren 20an aurkeztu zuen helegitea eta auzia maiatzaren 21ean aztertu zuen administrazio auzitegiak. Orain epaileen deliberazioaren zain daude. Herriko Etxearen arabera, Hauteskunde Kodearen R130 artikuluak hiru hilabeteko epea ematen dio epaileari erabakia jakinarazteko, helegitea aurkeztu zen egunetik hasita; ondorioz, epaia ekainaren 20a baino lehen emana izan beharko litzateke.
Traktan azaltzen denez, bi aukera nagusi dira mahai gainean. Alde batetik, helegitea baztertuz gero, Odile Susperregui Cornuren gidaritzapean den egungo taldeak bere agintaldiarekin jarraituko luke. Bestetik, hauteskundeak baliogabetuko balira, herriaren administrazioa prefetak izendatutako ordezkaritza berezi baten esku geldituko litzateke aldi baterako, hauteskunde berriak antolatu arte. Hautesleak berriz deituak izanen lirateke hautesontzietara, epaia irmo bilakatu ondoko gehienez hiru hilabeteko epean.
Emaitza edozein izanik ere, Herriko Etxeak adierazi du Biriatu kudeatzen eta herritarren alde lanean segitzeko borondatea duela, instituzioek hartuko duten erabakia errespetatuz eta herritarren konfiantzan oinarrituz.