DNK: blokatzeak segitzen du Beskoitzen A64an, ministroak hiltzeez "eztabaida irekia" dela dio

Ostiral arratsetik blokatua dute laborariek Beskoitze inguruan A64 autobidea. Behi tropa osoen hiltzea salatzen dute; Annie Genevard ministroak atea ireki du protokoloa aldatzeari.

DNK: blokatzeak segitzen du Beskoitzen A64an, ministroak hiltzeez "eztabaida irekia" dela dio
60 bat traktorek blokatzen dute astelehen goizean A64 autobidea Beskoitze parean. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2025/12/15 09:38

Hiru egun egitera bidean da A64 autobideko blokatzea Beskoitze inguruan, eta orenak joan eta etorri laborari kopurua aldatzen bada ere, indartsu jarraitzen du mobilizazioak. Atzo, Hego Lapurdiko laborariak Donibane Lohizunen mobilizatu ziren, eta haietako batzuk Beskoitzera joan ziren gero. Denek dute hitz bera ahotan: sarraskia, masakrea. Onartu ezina dute behien Dermatosi Nodular Kutsakorrak buru bat infektatuz gero tropa osoak hil behar izatea.

Hain zuzen ere, azken bi asteetan estatuak diskurtso fermua atxiki badu protokoloari buruz -kabalen mugimenduak debekatu, txertaketa, hiltze masiboak-, frantses estatu osoan azken lau egunetan biderkatu diren mobilizazioen ondotik diskurtsoa aldatu du laborantza ministroak. Gaur goizean France 2 kateko matinalean hilketa masiboei buruzko "eztabaida irekia" dela erran du Annie Genevard ministroak, "egoera kontrolpean" dutela baieztatuz. Aste honetan zehar "jende guztiarekin bilduko" dela zehaztu du; gaur Haute-Garonne departamendura joatekoa da txertaketa kanpaina abiatzeko, eta Tolosako prefekturan hainbat bilkura egitekoa da.

Mesfidantza giroa

Gaur goizean Beskoitzeko A64ko blokatzea 60 traktore inguruk atxikitzen dute, eta bertan diren laborariek mesfidantzaz hartzen dituzte Genevard ministroaren hitzak. Coordination Rurale sindikatuko hainbat ahotsek ministroaren dimisioa eskatu dute eta Sébastien Lecornu lehen ministroari galdegin diote gaiaren kudeaketa bere gain hartzeko.

Larunbatean Pirinio Atlantikoetako prefetak 48 orduz autobidean egoteko baimena eman zien, ikustekoa da mobilizazioak zer jarraipen duen. Laborarien aldetik mezua argia da: protokoloa aldatu ezean eta infektatutako buru bakoitzaren tropa osoa hil behar den artean, ez dute blokatzea altxako.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu