(Ipar EH)

Elikaduraren eta Laborantxaren Kontseiluaren sortzearen alde bozkatu dute Elkargoko hautetsiek

Abenduaren 6an ebiakoitzarekin iragan da Herri elkargoko osoko bilkura. Ziren 73 deliberoen artean, Elikaduraren eta Laborantxaren Kontseiluari buruzkoa du eztabaida gehienik sortu.

Elikaduraren eta Laborantxaren Kontseiluaren sortzearen alde bozkatu dute Elkargoko hautetsiek
Deliberoak eztabaidak piztu ditu hor ziren hautetsien artean. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2025/12/06 16:42

92 alde, 78 kontra eta 31 abstentzio. Elikaduraren eta Laborantxaren Kontseiluaren sortzearen alde bozkatu dute Elkargoko hautetsiek ebiakoitzeko osoko bilkuran, baina ez du gehiengo zabala bildu.


Elikaduraren eta Laborantxaren Kontseilu bat, zerendako?

Hautetsi guziak ados ziren egoeraren analisiarekin: gaur egun laborantza mundua krisian da. Isabelle Pargadek eman ditu azken zenbakiak: 2020an 3 777 etxalde ziren Ipar Euskal Herrian, baina aitzineko hamar urteetan, 600 bat etxalde dira desagertu. Horrez gain, etxalde ttipienak dira gehienik hunkituak. Hautetsi guziek argiki erran dute: zerbait egin behar da.

Baina zer da aterabidea? Elkargoko buru den Jean-René Etchegarayen arabera, elkargoak laborantxaren konpetentzia hartu du eta zilegitasun osoz sortzen ahal du Elikaduraren eta Laborantxaren Kontseilu hori. Ideia da hor laborantxa munduko aktore guzien biltzea, elkar trukaketaren sustatzeko: elkargoko hautetsiak, sindikatu desberdinak, laborantxa ganbarak, MSA bezalako egitura sozialak edota kontsumitzaileak.

Lucien Delgue edota Patrick Etchegaray, Armendaritzeko eta Landibarreko auzapezak, kontseilu berriaren kontra mintzatu dira. Uste dute ez dela hor aterabide ona, ez baitu elkarte berri horrek gauza handirik aldatuko. Patrick Etchegarayk oroitarazi du departamenduko laborantxa ganbara jadanik lanean ari zela laborarien alde, eta egitura berri horrek ez zuela zentzurik. Elkargoan den laborantxa komisioa azkartzearen kontra ez dela azpimarratu du Patrick Etchegarayk.


Elkarte bat hala erakunde publiko bat?


Juridikoki, elkarte bat izanen da Elikaduraren eta Laborantxaren Kontseilua. Erran nahi du ez dela egitura publiko ofiziala izanen. Isabelle Pargadek erran du momentukoz, legez ez zela posible erakunde publiko baten sortzea.


Baina beste batzuendako, argi da hori dela bidea: geroan kontseilu horrek beharko luke erakunde publiko bat bilakatu. Bil Gaiten taldearen barne den Ligiko auzapezak, Peio Quihillaltek, gure mikroan azpimarratu du helburua zutela erakunde publiko horren sortzea, eta buxet bat ukan dezan, Euskararen Erakunde Publikoa duen maneran.


Jean-René Etchegaray aldiz zuhurrago egon da: "momentuan elkarte bat sortzen da, ez dut erraten zer eginen den ondotik. [...] Ez da utzi behar pentsatzen nahi dugula egun batez sortu beste egitura berezi bat, indar juridiko berezi batekilan".


Nolako geroa kontseilu berri horrendako?


Estatus juridikoaren galdera pausatzen baldin bada Elikaduraren eta Laborantxaren Kontseilu berriarendako, praktikan nola ibiliko den ere galdezkatzekoa da. Erran behar da FDSEA eta JA sindikatuak, departamenduko laboranxta ganbarak eta prefeta kontra posizionatu direla. Argi utzi dute ez zutela parte hartuko. Iritzi horren lekuko da, osoko bilkura aitzin departamenduko laborantxa ganbarak helarazi duen gutuna. Jakin behar da prefetak ere gutun bat idatzi zuela bere desadostasunaren erakusteko.

Ez da utzi behar pentsatzen nahi dugula egun batez sortu beste egitura berezi bat, indar juridiko berezi batekilan

Jean-René Etchegarayen eta Isabelle Pargaden ustez, orain arte entzun diren iritzi eta posizionamenduak aldatzen ahal dira. Kontseiluaren sortzeko printzipioa bozkatua izan baita, oraindik goiti gomita ofizialak igorri dituzte. Egitura desberdinek parada ukanen dute, nahi badute, parte hartzeko.


Peio Quihillalt Ligiko auzapezak ere uste du geroan hurbiltzen ahalko direla gaur egun kontra direnak, batez ere buxeta baldin badu kontseilu horrek edo biharko egiturak.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu