Miarritze (Lapurdi)

Euskal Herriko laborantza herrikoiari argia emanen dio bihartik goiti Lurramak

Euskal Herria da aurtengo lurralde gonbidatua Ipar Euskal Herriko laborantzaren saloian. Kabalak izanen dira Irati aretoan, behi, oilo eta ahateak izan ezik, eritasun ezberdinen ondorioz.

Euskal Herriko laborantza herrikoiari argia emanen dio bihartik goiti Lurramak
Ehunka lagun bilduko dira asteburu honetan Miarritzeko Irati aretoan. LURRAMA
Aimar Lopez Erasun
2025/11/06 09:18

Bihar ere laborari lelopean, Miarritzeko Irati aretoa hartuko du Lurramaren hogeigarren edizioak bihar hasi eta igandera arte. Laborantza herrikoiari gorazarre egiteko baliatu nahi du urteurrena Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, eredu arrakastatsuak erakutsi eta eredu horren onurak eta beharrak agerian ezartzeko. Horretarako, urteroko moduan animazio eta otorduez gain, kabalen erakusketak, merkatua eta hitzaldiak izanen dira.

Solasaldi horietako batean, Euskal Herrian laborantzan hasteak ekar ditzakeen erronka ezberdinak landuko dituzte, ostiralean, 17:00etan. Horretarako, Lapurdi eta Xiberotik izan ezik lurralde guztietako laborariak ekarriko dituzte Miarritzera, haien errealitateak konta ditzaten. Euskal Irratietan ere hizlari horiekin mintzatu da Aiala Etxeberri goizero aste honetan.

Aritz Ganboa abeltzaintzan ari da Arruazun (Sakana, Nafarroa) azken hamasei urteetan. Ardi gasna egin asmoz plantatu zen bere anaia eta lehengusuekin, eta hasieran zailtasun andana topatu bazituzten ere, proiektua heldutu ahala bidea erraztu zaie.

Ainhoa Iturbe berriz Ajangizen (Busturialdea, Bizkaia) laborari da. Ikasketen bidetik sartu zen laborantzaren mundura Iturbe, eta haren ibilbidearen hastapena zailtasunek markatu zuten ere. Elikadura burujabetzari buruzko hausnarketa sakona burutu du bere lana egitearekin batera.

Aitzol Hernandez baratzezaina da, Monasteriogurenen (Gasteiz, Araba). Azken urteetan gero eta ohikoagoa bilakatu den bidea da berea: bulegoko lan bat utzi, eta lurrarekin harreman handiagoa duen lanbide bat hautatzea. Bide horretan, hainbat laguntza jaso zituen, eta esperientzia horren lekukotza emanen du Miarritzen.

Iñaki Intxausti laborantza agroekologikoan ari da, Zerainen (Goierri, Gipuzkoa). Baserri munduak betidanik erakarria, bere bidea zailtasunek markatu dute ere. Laborantza munduan gazteen eskasia azpimarratu du, eta belaunaldi berriak erakartzeko apustu eta laguntza beharra.

 

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu