Euskararen egoeraren larritasunaz eta koofizialtasunaren beharraz gogoeta Euskal Konfederaziotik

Ipar Euskal Herriko euskalgintzako elkarte gehienak biltzen dituen Euskal Konfederazioko zuzendaritzako hiru kide Goiz Berri emankizunean izan dira. Ihintz Oliden, Sebastien Castet eta Ekhi Erremundegirekin hizkuntz politikaz aritu gara.

Euskararen egoeraren larritasunaz eta koofizialtasunaren beharraz gogoeta Euskal Konfederaziotik
Euskal Konfederazioak agerraldia egin zuen Baionako karriketan. EUSKAL IRRATIAK
Jose Luis Aizpuru
2026/01/30 17:47

Euskal Konfederazioak fase berri bati ekinen dio, hizkuntz politikak urrats eta jausi berri bat eman dezan Ipar Euskal Herrian. Horretarako Norabide berrien gogoeta txostena onartu du Konfederazioak bere azken biltzar nagusian. Ihintz Oliden, Sebastien Castet eta Ekhi Erremundegi, Euskal Konfederazioko zuzendaritzako kideak Goiz Berri emankizunean izan dira, urrats berri hauetaz xehetasunak emateko (Entzun solasaldia).


Euskal Konfederazioak iratzartze kolektiborako deia egin du, Ipar Euskal Herrian euskararen egoera larria dela ohartaraziz. Duela urte eta erdi abiatu zuen gogoeta, azken inkesta soziolinguistikoek agerian utzi duten gainbehera kezkagarriaren aitzinean.


Konfederazioaren arabera, orain arte martxan diren neurriak eta baliabideak ez dira aski euskararen biziberritzea bermatzeko. Egoera horrek eraman du ez ohiko biltzarra antolatzera, eta bertan norabide berriak finkatzen dituen txostena onartu dute. Dokumentuak azken hamarkadetako bilan zorrotza egiten du, eta argiki ondorioztatzen du euskara larrialdi linguistiko egoeran dagoela, bereziki erabilera sozialari dagokionez.
Testuinguru horretan, Konfederazioak azpimarratzen du hiztun berriak masiboki sortzea dela erronka nagusietako bat. Ipar Euskal Herrian ez ezik, Hegoaldean ere lantzen ari den auzia dela gogorarazi dute. Helburua Euskararen Erakunde Publikoak finkatutakoa da: 2050erako biztanleriaren %30 euskalduna izatea. Horretarako, egungo hiztun kopuruaren parekoa sortzea ezinbestekoa dela diote.

Koofizialtasunaren eztabaida berriz mahai gainean

Helburu hori lortzeko bidean, Konfederazioak berriz ere mahai gainean jarri nahi du euskararen koofizialtasunaren auzia. Frantses Konstituzioko 2. artikulua euskararen garapenaren oztopo nagusitzat jo dute, eta artikulu hori aldatzeko edo gainditzeko borondate politiko, sozial eta sindikaleko gehiengo zabal bat osatu nahi dute.
Herriko bozei begira, Konfederazioak hautagaiak interpelatzen hasi dira jada. Horretarako, euskararen aldeko konpromisoak argitzeko euskararen aldeko engaiamenduaren barometroa plantan ezarri dute, eta martxoaren hastapenean emaitzak publiko eginen dituztela jakinarazi dute.
Bestalde, Euskal Konfederazioak berresten du Batera plataforman parte hartzen jarraitzen duela. Lurralde kolektibitateen bilakaeraren inguruko gogoetan euskararen auzia erdigunean kokatzeko borondatea azaldu dute.

Azkenik, udaberritik aitzina Ipar Euskal Herriko eragile ezberdinekin elkarlana sendotzeko asmoa agertu dute. Prozesu horren gailur gisa, udazkenean mobilizazio handi baterako deia egin dute: azaroaren 21ean, euskararen ko-ofizialtasunaren aldeko manifestazioa antolatuko dute.

Interesgarri izanen zaizu

Interesgarri izanen zaizu