Euskararen eguna: tokiko erakunde eta elkarteen borondatea estatuaren geldotasunarekin talkan da

Abenduaren 3an euskararen nazioarteko eguna ospatzen da, eta Euskal Konfederazioak mobilizazioa deitu du, “Euskarari trufarik ez!” lelopean. Hainbat herriko etxek pausu handiak eman dituzte hizkuntza politikan.

Euskararen eguna: tokiko erakunde eta elkarteen borondatea estatuaren geldotasunarekin talkan da
Euskal Konfederazioaren protesta EEPren egoitza aitzinean, aurtengo Uztailean. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2025/12/02 16:11

Sektore txikia da oraindik ere euskara teknikariena Ipar Euskal Herrian, dozena bat baitira. Txikia izanik ere, urtero handitzen dena da haatik; 2020tik, Baiona, Urruña, Sara eta Azkainek gutxienez euskara teknikari postuak sortu dituzte herriko etxeetan. Orotara, zortzi herrik dituzte euskara teknikariak. Herritarrengandik hurbilenak diren erakundeek hizkuntza politikan lan egiteko borondatea dutenaren seinale. Euskal Hirigune Elkargoak ere Hizkuntza Politiken zuzendaritza orokor bat du, eta hamahiru langile ari dira bertan, milioi bat euroko aurrekontuarekin. Nahikeria duten herritar, elkarte eta enpresei euskara ikasi eta egunerokoan integratzeko laguntza ematen diete bertzeak bertze teknikari hauek, haien erakundeetatik hasiz.

Haatik, tokiko erakundeak euskararen aldeko lanean ari badira, ezin berdina erran departamenduaz eta frantses gobernuaz. Haien eta Euskal Hirigune Elkargoaren arteko talka puntu nagusia EEP Euskararen Erakunde Publikoa da: aurrekontua emendatzeko denen engaiamendua behar bada, Elkargoak besterik ez du 650.000 euro mahai gainean jartzeko asmoa erakutsi. Tresna ezinbertzekoa da EEP Ipar Euskal Herrian euskararen biziraupenerako: haren diru laguntzei esker funtzionatzen dute hezkuntza euskaldunak, Euskal Hedabideek edo helduen euskalduntzeak, batzuk aipatzearren. Urteak dira aurrekontua izoztua dela, eta euskalgintzako eragile horiek eta haien langileek inflazioari aurre egin ezin diotela, ezta etorkizuneko erronkei ere. Funtsean, partekatua baita EEP eta euskalgintzaren artean erronka: 2050. urterako Ipar Euskal Herriko biztanleen %30 euskaldunak izatea. Azken hamarkadetako gainbeherari aurre egitea lehentasunezkoa jotzen dute euskalgintza instituzional zein herrikoiak.

Azken hau, baina, alarmari eman eta eman ari da azken aldian. Abenduaren 3 hau ere mobilizatzeko baliatuko du Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile gehienak biltzen dituen Euskal Konfederazioak: “Euskarari trufarik ez!” lelopean mobilizatzeko deia egin du Baionan, 13:00etan, EEPren egoitza aitzinean.

Errealitate hauei behako sakona emanen diegu Euskal Irratietan euskararen nazioarteko egunean. Hainbat elkarrizketa eta erreportairen bidez, euskalgintza eta instituzioak entzunen ditugu: Eneritz Zabaleta Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politiken zuzendaria, Ione Josié eta Jose Cazaubon Urruña eta Sarako euskara teknikariak eta Jakes Bortairu Euskal Konfederazioko kidea izanen ditugu gure uhinetan eta sarean goizetik.

Interesgarri izanen zaizu