Hauteskundeak: Arüetik Aiziritzera, auzapez berri frango izanen dira

Arüen Michel Sicre berriz aurkezten da,  Arbotin ere Eric Narbais-Jauréguy eta gauza bera Ozarainen Arnaud Fontainekin. Aldiz Etxarrin, Domintxainen, Arberatzen, Behaskanen eta Aiziritzen, auzapez berriak izanen dira.

Hauteskundeak: Arüetik Aiziritzera, auzapez berri frango izanen dira
Arüe-Ithorrotze-Olhaibiko herrian, 240 bat biztanle dira. WIKIPEDIA
Antton Castoreo
2026/02/19 07:45

Hilabete baten buruan iraganen da herriko bozen lehen itzulia. Martxoaren 15an izanen da, kanpaina martxoaren 2an hasiko da ofizialki eta listak presentatzen ahal dira otsailaren 26a arte. Amikuzeko parte bat aztertzen dugu aldi honetan, Arüetik Aiziritzeraino.


Arüe-Ithorrotze-Olhaibin lehenik , Michel Sicrek bigarren mandatua egin nahiko luke 240 biztanleko herrian.


Etxarrin, Bernard Casabonnek tokia utziko du. Axuantek lista muntatzen dute, zailtasunak ukan dituzte azken emazteen atxemateko, eta ez dute ofizializatu lista-burua. 140 bat biztanle dira gaur egun.


Domintxine-Berroetan ere, auzapezak kargua utziko du. 3 mandaturen ondotik, Sauveur Urrutiaguerek lekukoa pasako dako lehen axuantari, Alain Haurie-ri.

Ozaraine-Erribareitan bai aldiz, Arnaud Fontainek segitu nahiko luke, 3garren auzapez mandatua luke. 230 biztanleko herrian, aitzineko listatik 9 hautetsik segitzeko nahia erakutsi dute eta beste biak ordezkatu dituzte. Oroit ere Arnaud Fontaine Euskal Elkargoko hamabosgarren presidente ordea zela, ardura anitzekin: Gizarte kohesioa, prekarietatea, familia eta osasuna eta Elkargoko kirol ekipamenduak.


Arboti-Zohotan gauza bera, orain arteko auzapeza Eric Narbais Jauréguy berriz partituko da, 2001ean hasi zen auzapez karguan lehen aldikoz. 300 biztanle dira guti gora behera, eta aitzineko listatik hiru herritarrek nahi izan dute tokia utzi. Ordezkariak atxeman dituzte. Eric Narbais Jauréguyk ere ardurak ukan ditu elkargoan azken urteetan, Amikuzeko poloko erreferentea egon baita.


Arberatzen , Sauveur Bacho 2001ean ere hasi zen baina kargua utziko du aldi honetan. Gehiengotik muntatu dute lista berria baina zerrenda burua ez dute oraindik adostua.


Behaskane-Laphizketan orain, Gabriel Belleau ez da berriz aurkezten baina gehiengotik ere muntatu dute zerrenda. Zerrendaburua ez dute oraindik ofizializatu.


Bururatzeko, Aiziritze-Gamue-Zohaztin Chantal Erguyk iragarri du tokia uzten zuela bi mandaturen ondotik. Donapaleuren ondotik, Aiziritze da herri gotorrena 700 biztanlerekin. Chantal Erguyk tokia utziko dako beraz bere ekipako Henri Laborde-i. Zerrendaren erdia utzi du, baina ordezkatzen erdietsi dute.


Jakin aipatu dugun Amikuzeko parte horretan, Baxe Nafarroa gehiengoan bezala, lista bakarra dela herri guzietan momentuan.

Interesgarri izanen zaizu