Marie Josée Mialocq auzapezak bere kargua utziko du. Hiru lista lehian dira. Jacqueline Peigneguy axuantak nahi luke segida hartu. Parean, Beñat Arla oposizioko hautetsia eta Guillaume Fourquet liburutegiko arduraduna dira beste bi zerrendaburuak.
Giro politikoa animatua izan da Arbonan azken sei urte hauetan.
Arbonako etxalde bat okupatu zuten Lurzaindiak deiturik salmenta espekulatzaile bat salatzeko. 120 egun iraun zuen okupazioak. Horrez gain, Etxeta etxebizitza eremuari dagokionez, gune eraikigarri bilakatzeko sailkapena ezeztatu zuen Frantziako Estatu Kontseiluak. Baina, jada eraikiak izan ziren etxeek leku horretan segitzen dute, erabakia aitzin altxatuak izan baitziren.
2008tik auzapez den Marie-Josée Mialocqek bere kargua utziko du.
Aurten hiru zerrenda lehian dira eta Jacqueline Peigneguy bigarren axuantak du auzapez kargua uzten duen Marie Josée Mialocqen bilana defendatuko Arbonne Poursuivons L’Elan zerrendaren izenean.
Etxebizitzen arazoa pairatzen du Arbonak eta tentsio gunean sartua da Lapurdiko beste 23 herri bezala. 1999an, 1.400 pertsona bizi ziren Arbonan eta gaur egun, 2.500 bat dira. Heldu da 25 urtez, %44 emendatu dela herritarren kopurua. Jacqueline Peigneguyk oraingo bizitegien politika aitzina eraman nahi badu, Biharko Arbona izeneko zerrenda daraman Beñat Arla oposizioko hautetsiak helburua argi du. Laborantzari lehentasuna eman behar zaiola orain, eraikitzeko eremuen hedapena geldituz dio. Ildo beretik doa Guillaume Fourquet, Arbona Batua hirugarren zerrendaburua. Bigarren itzulia balitz Arbonan, Peigneguy eta Fourquet, Mialocqen axuant egon direnen arteko aliantza baten aukeraren beldurra duela aitortu digu Beñat Arlak.