2020an hiru lista ziren Intxauzpe orduko auzapezarenarekin. Aurten Isabelle Pargade auzapezak eta abertzaleek dituzte bakarrik hautagaitzak ofizialki iragarri. Hazparne Bihotzean zerrenda gidatuko du auzapezak eta Herritarrekin izenekoa abertzaleek.
8.000 biztanle inguru ditu Hazparnek
%24 emendatu da herritarren kopurua azken hogei urteetan. 2023an 7.600 biztanle pasa kontatu ziren eta gaur egun 8.000 herritar inguru estimatu daitezke.
2008tik 2020ra arte auzapez egon zen Beñat Intxauzpe Hazparnen bi kargualdi eramanik. Eta 2020an hiru lista aurkeztu ziren. Itzuli bakarra izan zen. Isabelle Pargadek zuzendu zerrenda nagusitu zen %54,5 bildurik. %35,5 lortu zuen Intxauzpek eta %10 Kristian Etxetok gidatu abertzaleen listak.
Herri-erdiko lanak eta kaperaren zaharberritzea goraipatzen ditu Isabelle Pargadek
Hazparne Bihotzean izena du Isabelle Pargaden zerrendak. Sei urteko bilanean, auzapezak azpimarratzen ditu herri-erdian eraman dituzten lan handiak. Ondare mailan ere, Bihotz Sakratua kaperaren zaharberritzeaz harro agertzen da. Azken hamabost urteetan Hazparnek pairatu duen jende kopuruaren emendioa gelditu nahi izan duela ohartarazten du.
Etxebizitza proiektu handiak geldiarazi ditugu izan Urkoin, kirol zelai gibelean edo Lekuineko bidean, lehentasuna emanez bizitegi hutsei eta herri-erdiari.
Proiektuetan, Jean Verdun eskola publikoaren zaharberritze osoa iragarri du auzapezak berriz hautatua balitz. Nahi luke langune bat sortu Minotz auzoan eta kirol zelai gibelean den Arteeta gunean, Eko kartier baten egiteko xedea baluke.
Abertzaleen zerrendaburua da Mixel Ospital
Herritarrekin lista gidatuko du Mixel Ospitalek. 56 urte ditu Euskal Hirigune Elkargoko langileak eta Zelai kartierrean bizi da. Berak azpimarratzen du Intxauzperen garaian dela bereziki herritarren kopurua handitu eta horri kasu eman beharko zaiola erran digu. Etxebizitza, ekonomia, ingurumena eta euskara lan ardatz nagusitzat hartu dituzte abertzaleek.
Herriak aterabideak atzeman behar dizkie herriko gazteei herrian lan egiteko eta bizitzeko.
Bestalde herri-erdiak jasaten duen trafikoaren arazoen konpontzeko ere proposamenak eginen dituztela laster plazaratuko duten programan erran du. Egiazko hizkuntz politika eraman behar lukeela Hazparnek dio Euskara pairatzen ari den gainbeherari buru egiteko asmoz.
Hiru zerrenda 2020an, bi mementoko 2026an
Bi zerrenda dira ofizialki aurkeztu mementoko. Eta beste listarik ez balitz agertzen otsailaren 26a aitzin, itzuli bakarra litzateke Hazparnen.