Jean-René Etxegaraik irabazi ditu bozak Baionan, zatiturik aurkeztu den ezkerra gibeletik urrun duelarik. Miarritzen, hamabi bozkako diferentzia dago Serge Blancoren eta Maider Arostegiren artean. Gaur, 18:00tan ixten da zerrendak aurkezteko epea.
Baionan, Etxegarairen posizioa tinko; ezkerra, zatiturik ahul
Etxetok baina 117 bozka gehiago lortu zituen atzo Iriartek, ezkerreko hiru hautagaien artean lehena kausituz -Sandra Pereirak bozen %3,8 lortu zituen eta ez du bigarren itzulirako negoziatzeko aukerarik-. Bozen %21,99rekin beraz, abertzaleak 2020an egin behar izan zuen hautua du berriz ere parez-pare: Etxeto ezkertiar jakobinoarekin aliatu, edo Etxegarai eskuindar baina euskaltzaleagoari bozkatzeko agindua eman. Gaur bilkura dute Iriart eta Etxetok, eta hortik landa argiago ikusiko da heldu den igandeko Baionako panorama.
Eskuin muturreko hautagai Pascal Lesellierrek bozen %10,72 erdietsi zuen Baionan, bigarren itzulirako sailkatuz. Martxoaren 22an bozka paperetan izanen den eskuin muturreko hautagai bakarra izanen da Ipar Euskal Herrian.
Hauek dira Baionako emaitzak:
1. J.R. Etxegarai: %42,1
J.C. Iriart: %22
H. Etxeto: %21,4
P. Lesellier: %10,7
S. Pereira: %3,8
Jean-René Etxegarai, Jean Claude Iriart eta Henri Etxeto entzun hurrenez hurren:
Miarritzen, Serge Blanco eta Maider Arostegiren arteko lehia estua
%26,68 Blancok, %26,60 Arostegik, hamabi bozeko aitzina du errugbilari ohiak Miarritzen. Bigarren itzuliari begira, Ana Ezcurra (%17,82), Jean-Baptiste Dussassois (%13,11) eta Guillaume Barucqen (%12,15) babesak ezinbertzekoak izanen zaizkie. Ana Ezcurra ezkertiarrarentzat "emaitza historikoak" dira bereak, eta Blancorekin mintzatzeko prest agertu zen atzo, Arostegiri atea itxiz.
Serge Blanco eta Ana Ezcurra hurrenez hurren:
Hauek dira Miarritzeko emaitzak:
S. Blanco: %26,68
M. Arosteguy: %26,6
A. Ezcurra: %17,82
J.B. Dussaussois: %13,11
G. Barucq: %12,16
R. Tardits: %3,63