Hauteskundeak: bi lista dira Irisarrin eta Landibarren

Lehengo Iholdiko kantonamenduan, lehia izanen da. Iholdi, Armendaritze, Heleta, Suhuskune, Irisarrin eta Landibarreri so jartzen gira. Lista bakarra izanen da denetan, Irisarrin eta Landibarren salbu.

Hauteskundeak: bi lista dira Irisarrin eta Landibarren
Irisarrin aurten bi lista izanen dira. WIKIPEDIA
Antton Castoreo
2026/03/04 07:45

Iholdin, Beñat Cachenaut auzapez karguan hasi zen 1995ean. Ordutik postua hartan segitu du eta beste sei urtez nahiko luke segitu. Listan ditu beste zazpi gizon eta zazpi emazte. 550 bat biztanle dira Iholdin gaur egun.


Auzo herrian Armendaritzen 400 bat biztanle dira, eta hor ere, orain arteko auzapezak, Lucien Delguek, beste mandatu bat nahiko luke egin, zazpigarrena luke. Bere listako beste bederatzi hautetsik segitzeko asmoa erakutsi dute, eta azken izenak errexki ordezkatu dituzte. Listan zazpi gizon eta sei emazte dira.


Suhuskunen gauza bera da, René Etchemendy berriz aurkezten da, laugarren mandatua luke. Osatu duen listan, sei gizon eta bost emazte dira.


Heletan aldiz, aldaketa izanen da. Philippe Etcheparek jakinarazi zuen auzapez kargua utziko zuela hiru mandaturen ondotik, eta hautetsik guziek baño salbu gauza bera erabaki zuten. Zonbait astez duda izan baldin bada, azkenean lista berri bat osatu da aitzineko hiru hautetsirekin. Sylvain Guilsou da zerrendaburu, zortzi gizon eta zazpi emazte dira.


Orain arte aipatu ditugun herrietan, Iholdin, Armendaritzen, Suhuskunen eta Heletan, lehiarik ez da izanen aldi honetan, lista bakarrak baitira. Landibarren eta Irisarrin aldiz, biga dira osatu.


Irisarrin, orain arteko auzapezak Xavier Lacostek jakinarazi zuen tokia uzten zuela baina bere gehiengotik muntatu dute lista bat. Lehen axuanta zen Xalbat Goity da zerrenda buru. Parean, beste zerrenda bat ere osatu da, Pauline Guellen gibeletik. Bier aipatuko dazkotegu laborantxa lurrak eta 2022an Irisarrin tentsioak sortu zituen ZAD proiektua.


Landibarrerekin segitzen eta bururatzen dugu itzulia, 300 biztanleko herrian duela sei urteko egoera bera da: bi lista dira aurkezten. Alde batetik gehiengotik osatu du berriz ere lista Patrick Etchegarayk, bigarren mandatu baten egiteko asmoarekin. Eta parean, sei urtez oposizioko hautetsi egona den Filipe Maitia beste zerrenda baten buru da. Biak entzun ditzagun, erranen daukute nolaz bi lista diren.


Jakin Herri elkargoa ere aipatu dugula bi hautagaiekin. Patrick Etchegarayk duela zonbait hilabete elikaduraren eta laborantxaren egitura berriaren kontra bozkatu baldin bazuen, Filipe Maitiak argiki erran du horiek alde bozkatuko zutela luketela.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu