Hauteskundeak: Bi zerrenda lehiatuko dira Bidarten

Bidarten bi zerrenda lehiatuko dira Herriko Bozetan: Emmanuel Alzuri oraingo auzapezaren Bidarte Bihotzean zerrenda eta bestetik, oposizioko hautetsia den Michel Lamarque-en Bidart par Nature zerrenda.

Hauteskundeak: Bi zerrenda lehiatuko dira Bidarten
Azken hamar urteetan, biztanleria ia bikoiztu da Bidarten. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/02/26 07:00

Bidarten bi zerrenda lehiatuko dira heldu diren herriko hauteskundeetan, 2020an aurrez aurre izan ziren hautagai berberekin. Alde batetik, Emmanuel Alzuri oraingo auzapeza berriz aurkezten da, Bidarte Bihotzean zerrendaren buru. Bestetik, oposizioko hautetsia den Michel Lamarque ariko da lehian.

Bidartek 7.689 biztanle zituen 2023an, INSEEren azken datuen arabera. Azken hamarkadetan hazkunde handia izan du herriak: 1968tik hona biztanleria hirukoiztu baino gehiago egin da, eta azken hamar urteetan ia bikoiztu.

2020ko hauteskundeetan hiru zerrenda aurkeztu ziren. Alzurik bozen %65 eskuratu zuen; Lamarquek %17, eta Isabelle Charritonek beste %17. Aurten, ordea, Charriton ez da berriz aurkeztuko; beraz, bi hautagaien arteko lehia zuzena izango da.

Kanpainako gai nagusien artean, etxebizitza eta euskara daude. Alzurik azken urteetan euskararen alde egindako urratsak nabarmendu ditu, eta etxebizitza sozialean legeak ezartzen duen %25eko helburura hurbiltzen ari direla azaldu du. Lamarquek, bere aldetik, elebitasuna arlo guztietan indartzea proposatzen du, eta etxebizitza berriak eraikitzearen alde agertu da, sozialak ez ezik bestelakoak ere bai.

Interesgarri izanen zaizu