Hauteskundeak: Donapaleu eta Bidaxune artea, bazterrak kalme

Amikuzeri buruz itzultzen gira, Donapaleu eta Bidaxune arteko zonaldeari buruz. Auzapez guziak berriz aurkezten dira, salbu Ilharren eta Arrueta-Sarrikotan. Lista bakarrak izanen dira herri guzietan.

Hauteskundeak: Donapaleu eta Bidaxune artea, bazterrak kalme
Ilharreko herriak auzapez berria ukanen du martxoan. WIKIPEDIA
Antton Castoreo
2026/03/05 07:45

Bithiriñan lehenik Gilbert Dublanc berriz aurkezten da hirugarren mandatu batendako, listan zortzi gizon eta zazpi emazte dira. 560 bat biztanle dira guti gora behera gaur egun Bithiriñan.


Amendüze-Unason Stéphane Poissonek ere segitu nahiko luke. Orroit 2024an hasi zela kargu horretan Poisson, aitzineko auzapeza Jean-Marc Trenthomas zendu baitzen. Lista berrian zazpi gizon eta sei emazte dira.


Gabadin, Jean-Louis Prebendé 2014tik hor da eta beste sei urtez segitzeko asmoa du. Eta hor gauza bera, zazpi gizon eta sei emazte dira.


Labetze-Bizkain orain, 140 biztanle dira gaur egun. Hor,Jean-François Angladek laugarren mandatua egin nahiko luke, beste bost gizon eta bost emazterekilan.


Lüküze-Altzümartan ere, Patrick Bizosek bigarren aldikoz auzapez karguan segitu nahi du. 380 bat biztanle diren herrian, sei gizon eta bost emazte izanen dira.


Behauzen Didier Irigoin ere berriz aurkezten da, 2014an hasi zen auzapez gisa. Jakin behar da astean zehar Parisen ari dela lanean Didier Irigoin. Hala ere, distantzia hori kudeatzen erdiesten duela azpimarratu du, eta segitzeko prest agertu da.


Amorotze-Zokozen Arnaud Laurent Abbadiek muntatu du lista beste bost gizon eta bost emazterekilan. Seigarren mandatua luke.


Martxuetan, bigarrena luke Joseph Paris-ek, Oragarren gauza bera Pascal Dantiacqendako baita Mehainen ere Sylvie Betat-rekin.

Herri guzi horietan lista bakarrak dira izanen. Donapaleu eta Bidaxune artean diren Amikuzeko bi herritan dira bakarrik auzapezak aldatuko martxoaren hamabostean: Ilharren eta Arrueta-Sarrikotan.


Ilharren , bi mandaturen ondotik Jean-Louis Etchart ez da berriz partitzen, eta Anne-Lise Houga da aurkezten.


Bururatzeko, Arrueta-Sarrikotan, Christian Guillemen 2001ean hasiko zen eta pasa den otsailean zendu da. Laurent Salette da ondorioz aurkezten Arrueta-Sarrikotan. Sei gizon eta bost emazte dira.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu