2020ko herriko bozetan baina zerrenda bat gehiago sostengatuko du EHBaik aurten. "Tokiko demokrazian, justizia sozialean eta gure lurraldearen balore zein identitatearen aldeko ikuspegian" ari diren hautagaitzak dira babestuak, abertzaleen hitzetan.
Mila biztanletik goitiko 23 herritan aurkeztu diren hautagaitzei babesa eman die Euskal Herria Baik. Alderdi-mugimenduaren hitzetan, azken agintaldia "ezkerreko abertzaleek lurraldearen eta bere bilakaeraren, etxebizitzaren, trantsizio ekologikoaren eta euskararen biziberritzearen aldeko engaiamendu sendoak markatu ditu". Orain, bertze sei urterentzat, "aitzinamendu horiek guztiek herritarren beharrei erantzuteko tokiko sustraitze sendo baten beharra baieztatu" dutela uste du EHBaik.
Hala, ildo horretan lan egiteko engaiamendua hartu duten hautagaitzak dira babestu dituztenak. Zerrenda horietan EHBaiko militanteak edo "hurbileko kideak" daude; hala ere, argitu dute 23 herri horietan ez ezik, "barnekaldeko herri ttipietan auzapez, hautetsi eta hautagai abertzaleak" aurkezten direla, eta "zabalpen hori azken urteetan ezkerreko abertzaleek egin lanaren emaitza" dela.
Zerrenda hauek sostengatzen ditu EHBaik martxoaren 15 eta 22ko herriko hauteskundeetan:
- Ahetze: Ahetzen
- Angelu: Hemen Angelu
- Arbona: Hats Berri bat Arbonari
- Azkaine: Azkaine Bai
- Baigorri: Aintzina Baigorri
- Baiona: Baiona Mugimenduan
- Biarritz: Biarritz Berri
- Bokale: Vivons Boucau
- Donapaleu: Aintzina Donapaleu
- Donibane Garazi: Donibane Erne
- Donibane Lohizune: Donibanen Bizi
- Hazparne: Herritarrekin
- Hendaia: Hendaia Biltzen
- Hiriburu: Hiriburu Maita
- Itsasu: Herriari
- Kanbo: Nahi Dugun Herria
- Larresoro: Mintza Larresoro
- Maule: Aitzina Maule
- Urruña: Elgarrekin Urruña
- Uztaritze: Uztaritze Bai
- Sara: Har Hitza
- Senpere: Hats Berri
- Ziburu: Ziburu Bizi