Duela sei urte bezala ezkerreko zerrenda irekia izanen du lehiakide 2014tik auzapez den Claude Olivek. Baina 2020an LFI Frantzia Intsumituak lista bat aurkeztu bazuen, Hemen Angeluko abertzaleek dute ezkerreko beste zerrenda osatuko aurten.
Ipar Euskal Herriko bigarren hiria da jendetzaren aldetik Angelu. 2007an, 38.000 angeluar kontatzen baziren, 2023an 43.000 zenbatu ziren. Heldu da %22 emendatu dela biztanleria. 45 hautetsi hautatu beharko dira martxoaren 15 eta 22an.
2020an bezala, ezkerreko bi listak buru eginen die Claude Oliveri
Duela sei urte, bigarren aldiz nagusitu zen Claude Olive auzapezaren zerrenda bozen bi herenak bildurik. Bigarren heldu zen Sandrine Derville sozialistaren lista %26,5 lorturik. Eta hirugarren Sandra Pereira Ostanel LFIko hautagaia, %6,5 erdietsirik. Preseski, azken hau zerrendaburu izanen dela Baionan jakin berri dugu.
Aldi honetan ere hiru zerrenda lehiatuko dira eta horietarik bi ezkerrekoak dira. Mahaut Fanchini ekologistak zuzendu Anglet Ensemble ezkerreko zerrenda irekia kausi daiteke. Eta Hemen Angelu lista euskalduna, feminista eta ekologistak bere zerrendaburua zehaztuko du kanpaina ofizialki hasiko denean. Panorama hori ikusita, aurreikus daiteke Naturellement Anglet zerrendako Claude Olivek zentroko eta eskuineko bozak bereganatuko lituzkeela.