Hauteskundeak: hamaika herritan izanen da bigarren itzuli bat heldu den igandean

Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune, Azkaine, Arbona, Kanbo, Beskoitze, Baiona, Miarritze, Maule eta Bokalen izanen da lehia igandean. Eskuin muturrak ez du espazio handirik bereganatu, eta abertzaleek 23 herriko etxe dituzte lehen itzulitik.

Hauteskundeak: hamaika herritan izanen da bigarren itzuli bat heldu den igandean
Hendaiako zortzigarren bozkalekua, martxoaren 15 honetan. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2026/03/15 23:32

Ipar Euskal Herriko 158 herritik 147tan atzo bertan trenkatu ziren herriko bozak. Emaitza batzuen analisia eta hautagaiekin elkarrizketak eskainiko ditugu orri honetan; emaitza guztiak hemen ikusi daitezke.

Senperen, Lekuinen, Atharratzen edo Arrosan auzapez aldaketak eragin ditu herriko bozen lehen itzuliak. Lehen herrian, 2023an hainbat dimisioren ondotik izan ziren hauteskundeak eta haren emaitzek ez dituzte herritarrak konbentzitu. Ezkerreko abertzaleen eskutan izanen da herriko etxea heldu diren sei urteetan, Christophe Jauregik lehen itzulitik bozen %54,2 lorturik.

Christophe Jaureguy auzapez hautatu berria Goiz Berrin izan dugu gaur.

Lekuinen, hiru hamarkadaren ondotik auzapez berria izanen da, abertzalea han ere: Xabi Duhaldek %54,03rekin irabazi ditu hauteskundeak, Michel Etcheverry auzapez historikoa gaindituz. Atharratzen, kanpaina gorabeheratsu baten ondotik, Maite Pitrau ez da auzapez izanen; Kévin Le Toutk bozen %59,3 eskuratu zituen. Arrosan ere Beñat Arrabit EAJko kideak ez du auzapez jarraituko, Roger Brusten zerrendak bozen %57,18 bereganatu baititu.

Xabi Duhalde Lekuineko auzapez berria zuzenean izan zen Euskal Hebabideen hauteskunde gaualdian:

Baita Kévin Le Tout Atharratzeko auzapez berria ere:


Abertzaleentzat emaitza gorabeheratsuak, EHBaik "balore abertzaleen sustraitzea" txalotu du

Donapaleun, Lekuinen edo Senperen lehen aldiz ezkertiar eta abertzaleek dute aginduko, Urruñan hots, bigarren itzulirako bigarren lekuan da Filipe Aramendi azken sei urteetako auzapeza, Sébastien Etchebarneren gibeletik. Baionan, Jean-Claude Iriart bigarren lekuan da bozen %22rekin, Jean-René Etxegarairen (%42,1) gibeletik. Henri Etxetok Iriartek baina 0,6 puntu gutiago lortu ditu, eta bien arteko negoziaketak izanen dira gaur, bigarren itzuliari begira.

2020an abertzaleek lorturiko herrien artean, Ziburu eta Biriatuk haien eskuetan jarraituko dute, bertzeak bertze.

Pettan Aizager Donapaleuko auzapez berriarekin izan da Jose Luis Aizpuru gaur goizean goiz:

Eneko Aldana Ziburuko auzapez berriz hautatu berria gurekin mintzatu zen barda:

Baionan, negoziaketarentzako garaia da gaur, 18:00ak arte baita bigarren itzulirako hautagaitzak aurkezteko epea. Jean-René Etxegarai, Jean Claude Iriart eta Henri Etxeto entzun hurrenez hurren:


Kanbon, Peio Etxelekuren parioa bide onean da

Marieneko aferaren inguruan agintaldi nahasiaren ondotik, Peio Etxeleku EAJko figurak bozen %39,5 erdietsi zituen atzo, bigarren itzulirako lehen posizioan kokatuz. Ez du ezkutatu Euskal Hirigune Elkargoaren lidergoa hartzeko asmoa, eta lehen pausoa heldu den igandean auzapezgoa segurtatzea izanen du. Christian Dévèze orain arteko auzapeza bigarren kausitu da bozen %34,9rekin, eta Argitxu Hiriart-Urruti abertzalea hirugarren, %25,4rekin.

Peio Etxeleku gonbidatu dugu Goiz Berrira gaur goizean:


Miarritzen, Serge Blanco eta Maider Arostegiren arteko lehia estua

%26,68 Blancok, %26,60 Arostegik, hamabi bozeko aitzina du errugbilari ohiak Miarritzen. Bigarren itzuliari begira, Ana Ezcurra (%17,82), Jean-Baptiste Dussassois (%13,11) eta Guillaume Barucqen (%12,15) babesak ezinbertzekoak izanen zaizkie. Ana Ezcurra ezkertiarrarentzat "emaitza historikoak" dira bereak, eta Blancorekin mintzatzeko prest agertu zen atzo, Arostegiri atea itxiz.

Serge Blanco eta Ana Ezcurra hurrenez hurren:


Maulen, polemikak polemika, Labadot buru; Donibane Garazin aldaketarik ez

Xiberoan hiru zerrenda aurkeztu diren udalerri bakarrean bigarren itzulia izanen da, eta ez dirudi kontseiluan aldaketa nabarmenik izanen denik. Louis Labadot auzapez komunistak bozen %44,2 bereganatu ditu, Beñat Elkegarai abertzaleak %29,6 eta Armanda Accoce axuanta ohiak %26,2.

Donibane Garazin, Laurent Intxauspe auzapezak postuari atxikiko dio, bozen %55,7 bereganaturik. Xabi Larrek zuzenduriko abertzaleek kontseilari postu bat galdu dute; hiru hautetsirekin ariko dira.

Interesgarri izanen zaizu