Herriko zorren apaltzeko xedez aintzirako kudeaketa enpresa pribatu bati ematea erabaki du auzapezak eta horrek auzoko biztanleen eta inguruko kirol elkarteen kezkak hauspotu ditu. Deliberoa hautetsi guziei aipatu gabe hartzea leporatu diote merari.
Hiru zerrenda lehian dira Senperen:
Bernard Elhorga auzapeza- AGIR POUR SAINT PEE SUR NIVELLE
Christophe Jauregi oposizioko hautetsia- HATS BERRI
Mariana Laugier – ELGARREKIN. Zerrenda hortan da besteak beste Dominique Idiart auzapez ohia eta oposizioko hautetsia.
Duela 6 urte, Dominique Idiartek auzapez kargua kendu zion Pierre-Marie Nousbaum orduko auzapezari bigarren itzulian abertzaleekin aliantza egin ondotik. Baina aliantzak ez zuen iraun. Eta 2023an, kontseiluaren herenak dimisioa eman ondotik, herriko bozak berriz antolatu ziren eta Bernard Elhorga nagusitu zen bigarren itzulian. Christophe Jauregik baino 100 boz gehiago bildu zituen. Eta hirugarren lekuan bukatu zuen Dominique Idiartek.
4.300 biztanle 1999. urtean eta 7.300 herritar 2023. urtean
25 urtez, %41 emendatu da biztanle kopurua Senpereko herrian. Hazkunde handia bizi izan du herri honek. Etxebizitzaren gaia garrantzitsua da beraz Senperen. Gainera tentsio eremuan ez da sartua. Lapurdiko 24 hiri eta herri dira zerrenda horretan kausitzen eta horiei baizik ez zaie aplikatzen konpentsazio neurria.
Arrangurak badira aintziraren inguruko aktibitateen kudeaketa enpresa pribatu bati utzi ondotik
Senpereko aintzira edo lakuaren inguruko aktibitateen kudeaketa AQUAZONE herriko enpresa pribatuari emateak polemika sortu du. Kayak elkartea arranguratua bada, inguruko biztanleek beldurra dute oraino turista gehiago etorriko direla, udan bereziki, hainbat traba ondorioztatuz. Tratua tarrapatan eta gordeka, hautetsi guziekin aipatu gabe egin duela Bernard Elhorga auzapezak salatzen dute oposizioko bi taldeek.
Eztabaida ezari buruzko kritikak onartzen baditu auzapezak, berak dio operazio horrek herria lagunduko duela finantza garai zail honetan. Azken urteetan pxka bat apaldu bada ere, Senpereren zorraren heina gora da : 5 milioi euro pasa, heldu da 700 € herritar bakoitz. Beste bi zerrendek ere finantza publikoen kudeaketa lehentasunetan ezarria dute. Kontularitza eta kudeaketa kontrol bat egin nahi luketela dio Mariana Laugier Elgarrekin listako buruak. Herriko ondarea eta ontasunen zerrendatzeko eta balorizatzeko. Eta jakiteko xuxen zer lehenetsi Senpereko diru egoera aldatzeko. Epe ertain eta luzerako begirada ukan behar duela Senperek azaldu du Hats Berriko Christophe Jauregik, hemendik 10 urtera Senpereren egoera aitzin ikusteko eta horren araberako proiektuak burutzeko
Bi itzuliren mentura Senperen
Hiru lista lehian dira beraz Senperen. Aitzin ikus daiteke bigarren itzuli bat izanen dela. Orduan interesgarria izanen da ikustea aliantzen egiteko beharra izanen denez.