Hauteskundeak: Hiru zerrenda lehian Urruñan

Urruñan hiru zerrenda lehiatuko dira martxoko herriko hauteskundeetan: Filipe Aramendi auzapezaren Elgarrekin, Martine Mignoten Urruña bihotzez eta ekintzez, eta Sébastien Etchebarneren Ongi Bizi Urruñan. Etxebizitza izanen da kanpainako gai nagusia.

Hauteskundeak: Hiru zerrenda lehian Urruñan
11.000 biztanle izan arren, Urruña Lapurdiko laugarren herri handiena da, Hazparne, Senpere eta Sararen atzetik. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/02/27 07:00

Urruñan hiru zerrenda lehiatuko dira heldu diren herriko hauteskundeetan. Lehenik, oraingo auzapeza den Filipe Aramendiren Elgarrekin zerrenda aurkeztuko da. Auzapezaren aurrean, beste bi zerrenda izanen dira lehian. Batetik, Martine Mignot, Urruñako GEUZeko (CCAS) zuzendari ohia, lehen aldiz aurkeztuko da, Urruña bihotzez eta ekintzez zerrendaren buru. Bestetik, Sébastien Etchebarnek bigarren aldiz aurkeztuko du bere hautagaitza, Ongi Bizi Urruñan izenpean, partzialki berritutako lantaldearekin.

2020ko hauteskundeetan ere antzeko gaiak izan ziren eztabaidaren erdigunean. Orduan ere hiru zerrenda lehiatu ziren: Filipe Aramendiren Elgarrekin zerrendak botoen %46 eskuratu zuen; Sébastien Etchebarneren Urrugne Autrement zerrendak %26; eta Francis Gavillanek, Odile DeCoral LR auzapez ohiaren gehiengotik aurkeztuta, %28. Aurten, Aramendi eta Etchebarne berriz ere lehian izanen dira. Francis Gavillan ez da aurkeztuko, baina Martine Mignoten zerrendan parte hartuko du.

Urruñak 11.000 biztanle inguru ditu, azken datuen arabera. 50,57 kilometro koadroko azalera du, eta Euskal Kostaldeko herririk zabalena da; Lapurdin, laugarren handiena da, Hazparne, Senpere eta Sararen atzetik. Laborantzak oraindik presentzia handia duen arren, herriak lur eremu paregabea du. Hala ere, Mendia eta Itsasertza legeek zorrotz arautzen dute haren garapena. Martxoko hauteskundeak hurbiltzen ari diren honetan, galdera nagusi bat dago mahai gainean: nola erantzun etxebizitza eskaerari, legeak errespetatuz eta lurraldearen oreka zainduz?

Eztabaida nagusia: Etxebizitza

Etxebizitzaren auzia izanen da, beraz, kanpainako gai nagusietako bat, nahiz eta Urruña Kostaldeko biztanle dentsitate apalenetako herrietakoa izan. Filipe Aramendik adierazi du bere zerrenda irekiarekin abiatutako proiektuei jarraipena eman nahi diela, bereziki etxebizitza sozialen alorrean; hala ere, onartu du proiektuen garapenak denbora eskatzen duela. Haren parean, oposizioak gogorki kritikatu zituen proiektuak. Sébastien Etchebarnek gehiengoaren politika gogor kritikatu du, bere ustez proiektuak ez direlako behar bezain eraginkorrak izan, eta dentsitate altuegia dutela dio. Haren taldeak “Dentsitate adimenduaren” alde dela dio. Martine Mignotek ere gehiengoaren dimentsio soziala zalantzan jarri du, bestelako ikuspegia defendatuz. Haren ustez, mixitate gehiago behar litzateke, merkatu pribatuarekin partez orekatuz.

Euskaran ber norabidean

Bestalde, azpimarratzekoa da, hala ere, hautagaiak ados agertu direla Urruñan gehiengoak euskararen garapenean egindako lanarekin, eta denek norabide berean segitzeko borondatea adierazi dutela.

Interesgarri izanen zaizu