Bigarren aldiz auzapez izateko aurkezten da Laurence Samanos Beti Aitzina taldeko burua. Lehiakide du herritarrei beste aukera eskaini nahi dien Mintza Larresoro ! zerrenda, Robert Lamerensek eramanik.
1.320 biztanle 1999. urtean eta kasik 2.200 herritar 2023. urtean
%40 emendatu da Larresoroko herritarren kopurua azken 25 urteetan. Hazkunde handia bizi izan du herri honek beraz. Tentsio eremuan sartua da Lapurdiko beste 23 hiri eta herri bezala. Ondorioz konpentsazio neurria aplikatzen zaio Larresorori. Etxebizitzaren gaiak hunkitzen du Errobi eremuko herri hau.
2020an utzi zuen auzapez kargua Jean-Mixel Lamerensek 37 urtez auzapez egon ondotik
2020an bi zerrenda aurkeztu ziren. Eta Laurence Samanosen lista nagusitu zitzaion bozen bi herenak bildurik Filipe Goietxeren zerrendari. Aurten, Robert Lamerens, Jean-Mixel Lamerensen auzapez ohiaren anaia izanen da Laurence Samanosen lehiakidea.
Etxebizitza eta gai sozialetan eragiteaz gain, mugikortasun eztia azkartu nahi du Laurence Samanos auzapezak. Lehen kargualdia bururatzen ari duenean, kritika pare bat egiten dio Robert Lamerens beste zerrendaren buruak. Alde batetik finantza politika uzkurra leporatzen dio inbertsio guti egin direla azpimarratuz. Eta bestetik, ingurumenaren aldeko ekimen eskasia ere ohartarazten du.
Gauza franko egin dutela erantzuten dio Samanosek, errepide-segurtasuna hobetu dutela herrian, oinezkoentzat ere bideak sortu. Goresten ditu auzapez ohiak burutu zituen obrak, gela eta egoitza publiko anitz baitira Larresoron, eta orain horiek zaharkituak baitira berritu beharko dituztela ondoko kargualdian azpimarratzen du auzapezak. Eliza, plazako lehengo eskola ttipia eta Pelerenea zaharberritu nahi lituzkete.
Parean, Robert Lamerensek gidatu Mintza Larresoro ! zerrendak beste hautu bat eskaini nahi die herritarrei. Elkartasuna, parte-hartze demokratikoa, elkarbizitza, trantsizio ekologikoa eta Euskararen hizkuntza politika garatu nahi dituzte kolektiboki eta engaiamenduak hartuz.
Euskararen aldeko politika desberdinak
Hizkuntza politikaren aldeko engaiamenduak galdetu dizkiegu bi hautagaiei.
Laurence Samanos entzun dezagun:
Egiazko hizkuntza politika falta zaiola Larresorori aipatu digu Robert Lamerensek:
Bi lista izanki, itzuli bakarra izanen da Larresoroko bozen karietara martxoaren 15ean.