Herriko bozak izanen dira Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoan igande honetan eta hurrengoan. 158 herrietako auzapez eta kontseilariak ez ezik, Elkargoko ordezkariak eta arduradunak ere erabakiko dira.
158 herritan 226 zerrenda aurkeztu dira herriko bozen lehen itzuli honetan. Herri gehienetan zerrenda bakarra izanen da, eta hauteskundeek ez dute erronka berezirik ekartzen; hala da Ipar Euskal Herriko 113 herritan. Bertze 31 herritan berriz, bi zerrenda izanen dira igandean parez pare. Eta azkenik, hamalau herritan hiru zerrenda edo gehiago izanen dira. Errekorra Miarritzek du aurten ere, sei listarekin. Hala, funtsean, gehienez hamalau herritan izanen da martxoaren 22an bigarren itzuli bat, baina gutiagotan ere izan liteke, hiru zerrendako herrietan lehen itzulian trenkatu bailiteke bozka.
Mediabaskeko zuzendari Goizeder Taberna, France 3 Euskal Herriko kazetari Andde Irosbehere eta Euskal Irratien hauteskundeen jarraipenaren arduradun Kriztof Arotzarenarekin solasaldia egin dugu gaur Goiz Berrin. Artikulu honetan bertan entzungai den elkarrizketan, kanpainari buruzko hainbat gako izan dira hizpide, hala nola mila biztanle baina gutiagoko herrientzat hauteskunde hauek ekarri dituzten aldaketak, kanpainako gai nagusiak eta bi itzuliak bukaturik etorriko den “hirugarren itzulia”: Euskal Hirigune Elkargoaren osaketa.
Euskal Hedabideak multimedia jarraipen hurbila egiteko prest
Igandean, 18:00tan hasiko dugu hauteskundeen jarraipena Euskal Irratietan, hauteslekuak itxi bezain azkar. 19:00tatik landa berriz, Euskal Hedabideek -Kanaldude, Ipar Euskal Herriko Hitza, Herria, Kazeta.eus eta Euskal Irratiak- eta Bada gazte komunikabideak hauteskunde gaualdi berezia eginen dugu. 23 herritan izanen ditugu kazetariak, horietarik zazpitan kameralariekin -Baiona, Donapaleu, Maule, Kanbo, Urruña, Ziburu eta Azkainen-. Emaitzak iritsi ahala terrenoan izanen diren kazetariek kontatuko dituzte, baita hautagaien ihardespenak jaso ere. Urruñan izanen den platoan berriz, Battit Crouspeyre eta Arantxa Idieder ariko dira aurkezle, eta bidelagun izanen dituzte emaitzak landu eta analisiak egiteko Kriztof Arotzarena, Maite Ubiria, Ekhi Erremundegi, Goizeder Taberna eta Eguzki Urteaga.
Emankizuna zuzenean entzuten ahalko da Euskal Irratien antena guztietan baita webgune honetan ere. Zuzenean ikusten ahalko da Kanaldude telebistan eta Euskal Hedabideen webguneetan. Aurten gainera, ahalegin berezia eginen dugu sare sozialetan ere gaualdia hedatzeko, Bada hedabideko kazetari eta laguntzaileekin batera. Hala, telebista emankizunaren zatiak ikusten ahalko dira hedatu eta berehala Instagram, Facebook eta Xn.