Hauteskundeak: lehiarik ez Oztibarren gaindi momentuko

Bazterrak arrunt lasai dira Oztibarre eskualdean herriko bozetan. Zortzi herrietan lista bakarrak dira, eta auzapez berri bat baizik ez litzake izan behar.

Hauteskundeak: lehiarik ez Oztibarren gaindi momentuko
Iduri luke Jutsin dela auzapez aldaketa bakarra izanen Oztibarren. WIKIPEDIA
Antton Castoreo
2026/02/12 07:45

Arhansusin lehenik, kanbiamen guti. Christine Erdozaintzi-Etchart berriz aurkeztuko da, hirugarren mandatua nahiko luke egin, 60 bat biztanleko herrian. Lau gizon eta hiru emazte dira listan.

Bunuzen ere, 2008tik hor den Eric Ithurraldek 2032 arte segitu nahiko luke. 130 bat biztanlerekin, hamaika hautetsi dituzte behar: sei gizon bost emazte izanen dira.

Donaixti-Ibarren gauza bera da, André Larralde berriz aurkezten baita, beste bost gizon eta bost emazterekin. Aitzineko listatik hiruk uzten dute tokia.

Hoztan Arnaud Bidegainek bere lehen kanpaina eginen du auzapez karguaren eskuratzeko, herriko lehen hautetsia bilakatu baitzen 2022an, Michel Uhart aitzineko auzapeza zendu ondotik. 2020 eta 2026 artean, biztanleria 75etik 100era pasa da, eta ondorioz zerrendaren osatzeko behar den nunbrea hamaikara pasa da. Hala ere, Arnaud Bidegainek bederatzi izeneko lista aurkeztuko du. Oroitaraz dezagun 1.000 biztanle baino gutiagoko herrietan, legeak onartzen dituela osoak ez diren listak: bi hautetsi gutiagorekin aurkezteko parada ematen du. Bost gizon eta lau emazte izanen dira.

Ibarlan, 75 biztanle dira gaur egun. Dominique Poydessus bigarren auzapez mandatuarendako aurkezten da. Jakin hala ere orotara zazpigarrena ukanen duela, hiru agintaldi egin baitzituen kontseilari gisa eta beste biga axuant gisa. Lau gizon eta hiru emazte dira listan.

Izura-Azmen, Daniel Olçomendy berriz aurkezten da, 2008an hasi zuen lehen auzapez kargua. Aldi honetan, aitzineko ekipatik hautetsi batek baizik ez du gelditzeko asmoa erakutsi. Besteak beste, Daniel Olçomendyk erran digu Ostavals proiektuaren segitzeko eta bururatzeko asmoa zutela, eta hirigintza edo etxebizitza mailan, gauzak bazirela egiteko.

Oztibarreko hiri zentrala da Larzabale-Arroze-Zibitze, bere 450 bat biztanlerekin. Christelle Caset-Urruty berriz aurkezten da, bigarren mandatua luke. Zerrendan sei gizon eta bost emazte dira.

Jutsin da auzapez berri bakarra izanen. 2008tik hor zen Jean Michel Irume baina tokia utziko du. Hautagaitza berria muntatu du Jean-Calude Aguerrek.

Bururatzeko, jakin Oztibarreko herri guzi horietan ez dela momentuan beste hautagairik agertu, zerrenda bakarrak beraz eta lehiarik ez.

Interesgarri izanen zaizu