Azken agintaldian Ezenarroren gobernuak eginiko 51 milioi euroko inbertsioen ondorioz, herriak pilatu duen 30 milioi euroko zorra kitatzeko dozena bat urte beharko direla aditzera eman du Laetitia Navarron hautagaiak.
Larunbatean Gaztelu aretoan egindako agerraldian, Laetitia Navarron hautagaiak «bideragarriak» diren proiektuak gauzatzeko, agintaldirako 16 milioi euroko «inbestizamendu plan kontrolatua» aurkeztu du. Izan ere, herriko etxeak amaitzera doan agintaldi honetan eginiko 51 milioi euroko inbestizamenduen ondotik, 30 milioi eurotik gorako zorpetzea du, eta dozena bat urte beharko ditu zorra kitatzeko. Zehazki, 11,4 urte beharko lituzke udalak egoera zuzentzeko. Navarronek azaldu duenez, «8 urteko zorpetzetik gora egoera kezkagarria da, eta 12 urtetik gorakoa oso larria». Eta ez bada oraino horretara heltzen dagoeneko, «funtzionamendu gastuak murriztu egin direlako da, eta beraz, hendaiarren eguneroko zerbitzuetan ondorioak ditu zorpetze horrek dagoeneko».
Herriko etxearen egoera ekonomikoa kontuan hartuta, lehentasunak markatu ditu Hendaia Biltzenek, betiere, ezker balioetan oinarrituta, eta helburu jakin batzuekin. «Prekaritatearen aurkako borroka, urte osorako etxebizitza eskubidea, bizi-kalitate lasai eta orekatua lortzea, gizarte loturak sendotzea eta belaunaldien arteko harremanak estutzea, gardentasun demokratikoa eta euskararen defentsa», zerrendatu ditu hautagaiak.
Inbestizamendu plan kontrolatua
Hori lortzeko, lehentasunak markatu eta kudeaketa zorrotz batekin hautatu behar izan dutela aitortu du Hendaia Biltzeneko bozeramaileak. «Proiektu handiak eta ederrak ditugu noski, baina egoera ekonomiko errealari egokitu behar gara», aditzera eman du. Alde horretatik, agintaldian zehar 2,5 milioi euro lur eraikigarriak erosteko, 2 milioi euro tokiko epizeria sozial eta solidarioa (2030 urtean), eta sukalde zentral baten egiteko (2031 urtean), Zopiteko futbol zelai sintetiko duin batekin berritzeko 800.000 euro (2028 urtean aurreikusia dute), edota urtero milioi euro bana bideratu nahi dute, «egoera okerrenetan diren herriko bideak konpontzeko».
Martxoaren 15 eta 22ko hauteskundeetarako zerrenda osoa Gaztelu aretoan aurkeztu du Hendaia Biltzenek.
Bestalde, lehentasunak etxebizitza eta jarduera ekonomikoa suspertzea dutela azpimarratu du Navarronek, baita berdeguneak ere. «Herria sobera artifizializatu denez, ahal bezainbat berdatzeko landaketak» egin nahi dituzte, eta eskola inguruak atondu. Horretarako 3 milioi euro aurreikusten dute agintaldian. Era berean, Agorretako hondakindegian argindarra sortzeko eguzki-panelak instalatu, eta zahar etxera joan aitzin, adinekoentzat trantsizioa bermatuko duten apartamentu sozialak egin nahi dituzte.
Aurrezteko beharra fiskalitate hunkitu gabe
Era berean, egoera ekonomikoa aintzat hartuta, herriko etxeak hitzartua duen Irandatzeko Haurren Etxea berritzeko 4,5 milioi euroko proiektua bertan behera utzi nahi du Hendaia Biltzenek. Navarronek argitu duenez, «itxaron-zerrendarik ez dagoelako, eta jaiotza-tasa apalak ez duelako datu demografikoetan halako inbertsio bat justifikatzen».
Hau guztia garatu nahi dute «udala gehiago zorpetu gabe eta dagoen zorra murriztuz». Eta aldi berean, hendaiarrei presio fiskala emendatu gabe. Laetitia Navarronek gogoratu du, 2026 honetan udal inposak %7,5 igotzea erabaki duela Kotte Ezenarroren gobernuak. «Adierazgarria da, egoera larria dela esan nahi du, bestenaz inork ez du agintaldiaren azken urtean horrelako erabaki bat hartzen», dio Hendaia Biltzeneko hautagaiak.