Eneko Aldana oraingo auzapeza berriz aurkeztu da, Ziburu Bizi 2026 zerrendarekin. Haren aurrean izango du Jean-Louis Poulou, zendutako auzapez ohiaren semea; hark oposizioko hautagaiak bildu ditu Ciboure au Coeur zerrendan.
Ziburu Lapurdiko arrantzaren epizentroa izan da luzaz. Azken datuen arabera, 2023an 5.951 biztanle zituen herriak, 2018an 6.220 zirelarik. Hala ere, kostaldeko herrien artean biztanleak galtzen ari den bakarrenetakoa da. Joera hori etxebizitza krisiarekin lotuta ageri da: prezioek nabarmen egin dute gora, eta urte luzez Herriko Etxeak zailtasunak izan ditu Tokiko Hirigintza Plana (PLU) onartzeko.
2020ko herriko hauteskundeetan lau zerrenda lehiatu ziren. Eneko Aldana nagusitu zen, Ziburu Bizi 2020 zerrendarekin, botoen %57 eskuratuta. Haren atzetik sailkatu zen Isabelle Dubarbier, Ziburu Zuekin zerrendarekin (%21). Ondoren etorri ziren Henri Hirigoyenberry, Ciboure Demain zerrendarekin (%11), eta Dominique Duguet, Ensemble Pour Ciboure zerrendarekin (%10).
Oraingoan, bi zerrenda bakarrik ariko dira lehian. Eneko Aldana oraingo auzapeza berriz aurkeztu da, Ziburu Bizi 2026 zerrendarekin. Haren aurrean izango du Jean-Louis Poulou, zendutako auzapez ohiaren semea; hark oposizioko hautagaiak bildu ditu Ciboure au Coeur zerrendan.
Hirigintzak eta etxebizitzak leku zentrala
Kanpainaren erdigunean hiriaren egoera demografikoa eta etxebizitza daude, bereziki Encan auzoari lotutako hirigintza plana.
Eneko Aldanak, besteak beste, Tokiko Hirigintza Plana onartu izana azpimarratu du, urte luzez blokeatuta izan baita eta, haren ustez, herriaren garapen demografikoan eragin zuzena izan baitu.
Jean-Louis Poulourentzat, berriz, etxebizitza da lehentasun nagusia. Gure mezuei ez die erantzun, baina prentsan adierazi duenez, Encan auzoan hamar eta hamabost urte bitartean 250 eta 290 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duen proiektuak ez du konbentzitzen. Haren esanetan, egitasmoa ez dago “oreka ekonomikoan”, eta 40 milioi euroko defizita ekar lezake, nahiz eta, Eneko Aldanak adierazi duen herriaren finantzak egoera “bikainan” direla. Horren ordez, lau urteko epean jabetzan zein alokairuan 80 etxebizitza sozial eraikitzeko konpromisoa hartu du. Bestalde, herriaren “erakargarritasun turistikoa berpizteko” asmoz, 2023az geroztik tentsiopeko eremu izendatutako 24 herritan indarrean den konpentsazio neurria malgutzea eskatzeko asmoa ere agertu du.