Irailak 27an Biriatuarrek bi zerrenden artean hautatu beharko dute, martxoko hauteskundeak ezeztatuak izan ondotik. Eztabaidaren erdigunean, hiriaren finantza egoera eta zorpetzea izanen dira.
Irailak 27an izanen dira Biriatuko bozak. Paueko administrazio auzitegiak martxoko herriko bozen baliogabetzea erabaki zuen ekainean, arratsaldeko botoen kontaketa ez zelako legearen arabera egin.
Bi zerrenda izanen dira lehian orain, Martxoko hauteskundeetan bezala, baina zerrendaburu berri batekin: Elur Alberdi izanen da Altxa Biriatuko zerrendaburua Michel Hiriarten ordez. Michel Hiriartek 31 urtez auzapeza izan ondotik, 2020an agintea galdu zuen, eta joan den martxoan 82 urte zituela aurkezten zen. Haien listak galdu zuen berriz Martxoan, Odile Susperregi-Cornu-ren Biriatun Bizi zerrendaren kontra 17 bozengatik.
Hauteskunde horien erdigunean, hiriaren finantza egoerak izanen dira: Eskualdeko Kontuen Ganberak berriki publikatutako txosten batean, Herriaren finantzak kinka txarrean direla dio: 2020 eta 2024ra bitartean: langile-gastua %65 igo zen eta funtzionamendu-soberakina 155.251 eurotik 17.850 eurora jaitsi zen. Ondorioz, Herriaren autofinantzaketa ez da nahikoa aurreko maileguak amortizatzeko. Horixe da Elur Alberdi Altxa Biriatuko zerrendaburuaren argudio nagusia. Hala ere, karguan zirenek diote geroztik egoera hobetu dela. Hala nola, 2025an 100.000 euroko gehiegizkoa lortu dute. Horri begira ere, zozrpetzea biztanleka inguruko herriena baino apalagoa dela justifikatu digu Aritz Lekuonak, Biriatun Bizi zerrendatik.