Ipar Euskal Herriko mapa politikoa lehen itzulitik marrazten hasiko da emazte guttirekin buru

Lista guztietan parekotasuna bada ere aurten, zerrendaburuen artean emazte gutti dira oraino. Martxoaren 15eko lehen itzulian hasiko da marrazten Ipar Euskal Herriko mapa politikoa eta agertzen zenbat emazte auzapez bilakatuko diren.

Ipar Euskal Herriko mapa politikoa lehen itzulitik marrazten hasiko da emazte guttirekin buru
Ipar Euskal Herrian 220 zerrendaburutik 63 emazte dira soilik, %28,6. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/03/03 14:12

2026ko herriko hauteskundeek parekotasunaren gaia agerian uzten dute Ipar Euskal Herrian. Aurten, legeak zerrenda guztietan lehen aldiz parekotasuna galdegiten badu ere, zerrendaburuen artean oraindik desoreka agertzen da.

Ipar Euskal Herrian 220 zerrendaburutik 63 emazte dira soilik, %28,6. Lurraldez lurralde, aldeak ageri dira: Xiberuan %36 dira emazte zerrendaburuak; Baxe-Nafarroan %30 eskas; eta Lapurdin %24 inguru.

Desoreka hori ageri da gaur egungo auzapezen artean. 158 herrietatik 28tan baizik ez da emazte bat auzapez, %18 inguruan. Eta ikusirik zenbat emazte diren zerrendaburu aurten, ez da segur kopuru hori handituko denik. Beraz, legeak parekotasuna ezarri badu ere, zerrendaburuetan emazteen presentzia oraindik urrun da egiazko orekaz.

Martxoaren 15eko lehen itzulian hasiko da ikusten zenbat emazte zerrendaburu horietatik auzapez bilakatuko diren, eta hein batean horrek ere marrazten hasiko du hurrengo urteetako mapa politikoa. Mapa hori, ordea, zerrenden kopuruak ere baldintzatuko du, bereziki lehia handiena duten herrietan.

Lehen itzulian hasiko da marrazten Ipar Euskal Herriko mapa politikoa

2026ko herriko bozetan, Ipar Euskal Herriko herri gehienetan zerrenda bakarra aurkezten da, eta 31 herritan bi zerrenda soilik dira lehian. 144 herritan itzuli bakar bat izanen da ondorioz. Aldiz, 14 herritan bigarren itzuli baten aukera izan daiteke.

Lau herritan soilik dira hiru lista baino gehiago: Baionan, Donibane Lohizunen, Bokalen eta Miarritzek sei zerrenda ditu, 2020an zazpi izan ziren bitartean. Hamar herritan hiru zerrenda dira: Angelu, Hendaia, Urruña, Kanbo, Senpere, Azkaine, Getaria, Bexkoitze, Arbona, eta Maule.

Beraz, herri gehienetan martxoaren 15ean bertan ezagutuko dira kontseilu berriak. Salbuespen diren 14 herri horietan, lehen itzuliko emaitzek erabakiko dute bigarren bozketa baten beharra badenez ala ez. 2020an, 13 herritan izan zen bigarren itzuli bat.

2026ko herriko hauteskundeak hurbiltzen ari dira, eta Ipar Euskal Herriko herri gehienetan lehen itzulian berean erabakiko da emaitza. 158 herrietatik 144tan ez da bigarren itzulirik izanen, zerrenda bakarra edo bi zerrenda soilik direlako lehian. Horrek erran nahi du martxoaren 15ean bertan osatuko direla kontseilu gehienak.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu