Irailaren 27an bozkatzera itzuliko dira Biriatuko herritarrak, bozak baliogabetu ondotik

Martxotik luzatu den korapilo administratibo eta judizialak iraila bukaeran izanen du bukaera, ongibidean agintaldi osoa eginen duen taldea hautatzeko bozekin. 2033ra arte izanen dira agintean irabazleak.

Irailaren 27an bozkatzera itzuliko dira Biriatuko herritarrak, bozak baliogabetu ondotik
Bozen kontaketa momentua martxoaren 15ean Biriatun, ateak irekirik. ANTXETA IRRATIA
Aimar Lopez Erasun
2026/08/12 10:44

Martxoaren 15eko herriko bozak baliogabetzea erabaki zuen ekainean Paueko Auzitegi Administratiboak. Michel Hiriart hautagaiak eta baliogabetutako bozen galtzaileak zuen helegitea aurkeztu, arratsaldeko bozen kondtaketa ez baitzen legearen arabera egin: gutunen eta izenpeduren kondaketa ateak hetsirik egin zen, boz kontaketaren momentuan ireki aitzin. Azkenean, gutun eta izenpedura kopuruak desberdinak ziren.

Odile Cornuren taldeak ez zuen helegiterik eman, eta duela aste batzuk utzi zuten martxo bukaeran osatu zuten herriko kontseilua, prefeturak bidalitako hiru laguneko talde batek Biriatuko aferen kudeaketa bere gain hartu ondotik. Orain, irailaren 27ko bozak antolatzen hasiko da talde hori. Bi zerrenda baino gehiago aurkeztuz gero eta bigarren itzuli bat balitz, urriaren 4an litzateke.

Zerrendek irailaren 10era arte dute haien hautagaitza aurkezteko suprefeturan. Momentuz, martxoan aurkeztu ziren zerrenda berdinek iragarri dute aurkezteko asmoa: Odile Cornu azken hilabeteetako auzapezak gidaturiko taldea batetik, 2020tik alkatetzan den taldearen jarraikortasunean. Bertzetik, Michel Hiriartek gidaturiko taldea, 2020ra arte auzapez izan zena.

Interesgarri izanen zaizu