2020an aurkeztu ondotik, 2026ko herriko bozetan berriz aurkeztuko da Jacqueline Uhart, “LO — Langileen boza entzunaraziz” zerrendarekin, LO-ren bakarra Ipar Euskal Herrian.
Donibane Lohizunen hiru zerrenda lehiatuko zirela aipatu genizuen heldu diren herriko hauteskundeen karietara. Baina laugarren zerrenda bat agertu da azkenik: Lutte Ouvrière alderdi Trotskystarena.
Jacqueline Uhartek gidatuko du ezker muturreko zerrenda. Erran bezala, alderdi honen hautagai bakarra da Ipar Euskal Herrian. 60 urteko historia-geografia irakasleak bigarren aldiz aurkezten du bere hautagaitza. Duela sei urte, 133 boto lortu zituen, hau da, emandako botoen %2,5, “LO — Langileen boza entzunaraziz” lelopean. Aurten berriz aurkeztea erabaki du, ber izenarekin. Ez du tokiko proposamen zehatzik aurkezten. Bere ustez, hauteskundeak baliatu behar dira herri mailako arazoak eta gizarte osoan gertatzen dena lotzeko. Ikuspegi orokor eta nazioarteko bat defendatzen du: kapitalismoa krisian dagoela dio, eta aberatsek irabaziak mantentzeko beste herrien eta langileen kontura jokatzen dutela azpimarratzen du.
Beraz, 2020an aurkeztu ziren hautagai berak izango dira berriz lehian Donibane Lohizunen: Jacqueline Uhart, Jean-François Irigoyen egungo auzapeza, Pascal Lafitte ezkerreko eta abertzaleen ordezkariarekin eta Manuel de Lara hautagaiarekin batera.