Hauteskundeak: Kanbon lista abertzale, ezkertiar, ekologista eta feminista aurkeztu dute

Nahi Dugun Herria-r programan etxebizitza, zaintza, euskara, ekonomia, laborantza, elkartasuna eta ekologia dira ardatz nagusiak. Laborantza-lurren babesa azpimarratzen dute, bereziki Marienia afera.

Hauteskundeak: Kanbon lista abertzale, ezkertiar, ekologista eta feminista aurkeztu dute
'Nahi dugun herria' zerrenda sei ardatz nagusiren inguruan eraikia da, horietan etxebizitzaren arazoari erantzutea, laborantza-lurren defentsa edota euskararen indartzea agertzen dira. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/02/25 17:45

Kanbon, Nahi Dugun Herria zerrendak bere programa aurkeztu du, 31 emazte eta gizonek osatzen dute talde berritu batekin. Zerrenda abertzalea, ezkertiarra, ekologista eta feminista bezala aurkezten da, eta sei ardatz nagusiren inguruan eraikia da. Helburua argia da: elkartasunean oinarritutako herri erakargarri bat eraikitzea.

Programaren ardatzak

Etxebizitza da lehentasun nagusietako bat. Zerrendak etxebizitza sozialak sortu nahi ditu, dagoena berrerabiliz, etxebizitza hutsak berrituz eta lur berriak kontsumitu gabe. Urte osoko alokairuak sustatu nahi dituzte, bigarren etxebizitzak eta turismo-egoitzak arautuz eta jabeak lagunduko lituzkeen herriko tresna-kutxa bat plantan eman nahi dute.

Tokiko ekonomiari dagokionez, zerrendak ekonomia sendo eta berritzailea garatu nahi du, enplegu sortzailea izanen dena. Ekonomia batzorde baten sorrera ere proposatua da, merkatari eta enpresariekin topaketa erregularrekin, baita Euskal Monetaren aldeko engaiamendua eta zirkuitu laburren sustengua ere.

Trantsizio ekologikoan, laborantza-lurren babesa azpimarratzen dute, bereziki Marieniaren defentsa, elkarrizketa lehenetsiz eta lur horiek iraunkorki zainduz. Energia-trantsiziorako herri plan bat abiarazi nahi dute, ura ondasun komun gisa defendituz eta proiektu ekosuntsitzaileen kontra eginez, tartean AHTaren aurka.

Demokrazia parte-hartzailea eta euskara dira azken ardatzak. Auzo-kontseiluak, gazteen herri-kontseilua, komunikazio elebiduna eta hizkuntza politika azkar bat proposatzen dituzte. Euskara egunerokoan indartzeko, hizkuntza politika propio eta finantzatua plantan eman nahi dute, dokumentu, seinaletika eta zerbitzu publiko guziak elebidunduz. Euskararen ofizialtasuna aitortuko dute hautatuak badira.

Lehia izanen da Kanbon

2020an, Kanbon bi zerrenda izan ziren eta itzuli bakarrean. Christian Devèze nagusitu zen %53rekin; Argitxu Hiriart Urrutik %47 lortu zuelarik. Aurten, berriz, lehia gehiago hiru zerrenda direlako. Zerrendak aurrez aurre izanen ditu 'Kanbo Elkartu' zerrenda, Peio Etxeleku buru duena, eta Christian Devèze auzapezaren lista.

Martxoaren 6an, arratseko 19:30ean, bilkura publikoa antolatua da Larrazkena gelan.

Interesgarri izanen zaizu