Miarritze (Ipar EH)

Maider Arostegi Miarritzeko auzapezak bere zerrenda eta programa aurkeztu ditu

Maider Arosteguyren programa 100 milioi euroko inbertsio plana da: etxebizitza, kultura, segurtasuna, azpiegituren berritzea ardatz hartuta; besteak beste, Agilerako proiektua eta konpentsazio arauaren arintzea aipatu ditu. Lista %30ean berritua da.

Maider Arostegi Miarritzeko auzapezak bere zerrenda eta programa aurkeztu ditu
Miarritzen, 700 pertsona bildu ditu Maider Arostegik zerrendaren aurkezpenean, herriko kasinoan. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/02/12 18:29

Maider Arostegi Miarritzeko auzapez eta hautagaiak bere zerrenda eta programa aurkeztu ditu herriko Kasinoan asteazken honetan, 700 bat pertsonen aitzinean. Ensemble, vivons Biarritz izeneko zerrendarekin aurkeztu da, eta 2026-2032 urteetako norabide nagusiak plazaratu ditu. Bere erranetan, programa ehunka miarriztarrekin eginiko bilkura eta lantegien emaitza da.

Hurrengo sei urteetarako 100 milioi euroko inbertsio plana iragarri du, eguneroko kudeaketa indartzea ardatz hartuta. Besteak beste, karrika eta azpiegitura eta eskolen berritzea, kultura eskaintza azkartzea, karriken egokitzapena, hiriaren berdeguneen garapena eta segurtasun neurriak aipatu ditu. Turismo iraunkorra eta garapen ekonomikoa uztartu nahi dituela ere azpimarratu du.

Etxebizitzaren gaiak leku handia hartzen du programan. Agilera eremuaren obrak bereziki aipatu ditu. Herrian polemika sortzen duen gaia da, kirol azpiegiturak obra handiak behar baititu eta 250 bizitegi ere eraikitzeko xedea baitu auzapezak 2029rako.

Etxebizitza arloan, konpentsazio araua ere arintzearen alde agertu da. Oroit, mublatu turistikoak mugatzeko eta bizitegi iraunkorrak babesteko hartutako erabakia da. Arostegiren ustez, araua beharrezkoa izan zen, baina gaur egun mugak agerian dira eta Frantzia mailako lege sendoagoak behar dira. Aldi berean, bigarren etxebizitza duten zenbait miarriztar ez behartzea saltzera dela bere helburua erran du.

Arostegiren zerrenda %30ean berritua da 2020koarekin konparatuz. 24 eta 72 urte arteko hautagaiek osatzen dute, lanbide ezberdin anitzekin. Bestalde, martxoko hauteskundeetan zazpi zerrenda aurkeztuko dira. Horri buruz, herritarren engaiamendua “agurtzekoa” dela adierazi du, baina engaiamenduen koherentzia eta jarraikortasuna galdegin ditu: ezin dela 2020an proiektu batzuk defenditu eta ondoren baztertu azpimarratu du.

Interesgarri izanen zaizu