25 urte pasa ditu auzapez karguan eta txalo zaparrada luzea eskaini diote esker onez
Gehiengo osoz izendatu zuten maiatzaren 18ko kontseiluan Mathieu Elgoyhen, Hiriburuko auzapez. Alain Iriart ordezkatuko du, azken hau Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari izendatua izan baita. Errana zuen Iriartek ez zituela bi karguak batera eramanen eta hala egin du, nahiz eta Hiriburun hautetsi izaten segituko duen.
Omenaldi bat egin diote 25 urtez auzapez izan den Alain Iriarti, aitzineko agintaldietako kontseilari guztiak bertaratuak ziren.
Hunkitua zen Alain Iriart, familiak inguraturik. Bertan ziren Maialen Hiribarren emaztea baita bilobak eta Patxi Iriart semea ere, omenezko bertsoa kantatu diona. Aurreskua ere egin diote eta Iriart berak pastoralerako idatzi zuen kantua eman dute denen artean.
Auzapez kargua utzi badu ere, hautetsi karguan segituko du Alain Iriartek, Hiriburun.