2026ko irailean, Seaskak ARTA-ASSP Pertsonentzako Zaintza baxo profesionaleko sail berria irekiko du Bernat Etxepare Lizeoan.
Gaur egun, Bernat Etxeparek, Seaskaren lizeoak Adinekoen eta Haurren Animazioa, Merkataritza baxo profesionala eta Merkataritza eta Kudeaketa Zientzia eta Teknologiak baxo teknologikoa eskaintzen ditu. ARTA sail berria pertsonentzako zerbitzuen arloan kokatzen da, eta helburu nagusia lehen haurtzaroan, adinekoen arretan eta zaintza sektorean aritzeko profesional euskaldunak formatzea izango da.
Lurraldeari lotutako beharra
Ipar Euskal Herriko bilakaera demografikoak —bereziki populazioaren zahartzeak— zaintza eta arreta sektoreko profesionalen beharra handituko du datozen urteetan. Horren adibide dira EHPAD egoitzak, Gizarte Ekintzarako Zentroak (CCAS) eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak, gero eta eskaera handiagoari erantzun beharrean direnak. Bestalde, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren hizkuntza politikek lehen haurtzaroaren arloan ere profesional euskaldunen eskaria handitzea ekarriko dute, haurtzaindegietan euskarazko zerbitzua bermatzeko.
Jadanik hainbat egiturek prest direla adierazi dute ARTA sail berriarekin eta Seaskarekin elkarlanean aritzeko: Donapaleuko Adin Ederra, Iholdiko Goxa Leku eta Isturitzeko Pausa Leku EHPADak biltzen dituen AAPAVA elkartea; Ipar Euskal Herri osoan zortzi haurtzaindegi eta haurtzain-etxe biltzen dituen Konkolotx elkartea; Hendaiako eta Hiriburuko Gizarte Ekintzarako Zentroak; eta Euskal Hirigune Elkargoa bera, bere ardurapean 11 haurtzaindegi eta Gizarte Ekintzarako Zentro bat dituena. Egitura horiek guztiek Ipar Euskal Herriko lurralde osoa estaltzen dute, bai lehen haurtzaroaren arloan, bai pertsonen arretan eta zerbitzuetan. Helburua ikasleei ahalik eta formakuntza osatuena eta errealitate profesionalari lotuena eskaintzea da, Seaskaren arabera, betiere tokiko hurbiltasuna mantenduz.