Senpereko Aquazone ur-parkearen hedatzearen aurkako herritarrak Baionako suprefeturan izan ziren atzo, azken bi asteetan egin duten sinadura bilketako 1.100 babesak ematen. Aste honetan egin beharko dute erakundeek zirt edo zart.
Baionako Suprefeturaren aitzinean Senpereko Aquazone parkearen hedapenaren aurkako zenbait herritarrek hainbat arrazoi aurkeztu zituzten atzo hitzarmenaren baliogabetzea eskatzeko. Bereziki salatzen dute horrek "aintziraren pribatizaziora eramaten duela", leku guti utziz eremu publikoari eta bertako elkarteei. Auzokideez gain, bertan ziren aintziran plantatua den kayak klubeko ordezkariak, baita aintzirako sokorritzaile batzuk ere.
Hilabeteak dira eztabaida Senpereko eztabaidaren erdigunean dela, baina aste erabakiorra da hau: Prefeturako zerbitzuek adierazi dutenez, iganderako erabaki beharko dute aldeek -Herriko Etxeak, Aquazone64 enpresak eta halabeharrez Prefeturak- hitzarmena hautsi edo ez. Uztailean, hitzarmen berri bat igorri zion Kriztof Jauregi auzapezak enpresari, baina momentuz abian dena herriko etxe zaharrak izenpeturikoa da. Iganderako hitzarmen hori hautsi ezean, hamar urterako balioa hartuko luke.
Izenpedura bilketaren antolatzaileek suprefetaren eskuetan jarriz afera haren esku-hartzea nahi dute, hark hautsi dezan hitzarmena. Izan ere, interes publikoaren aurkakoa dela diote, eta hortaz, estatuaren ordezkariak bertan behera uzteko modukoa. Estebe Irubetagoiena aintzirako sorosleak adibidez, aurtengo sasoian sokorri zerbitzuen eta Aquazonekoen artean inolako elkarlaguntzarik izan ez dela azaldu du, orain arte ohikoa zelarik. Kayak klubeko kideak beldur dira, hitzarmen berriarekin haiek okupatzen dituzten lokalak Aquazonen jabetzekoak bilaka daitezkeelako. Mobilizazio bat antolatu dute gaur, asteazkenez, 19:00tan, aintziran bertan kayakean ibiltzeko.
Aquazone ur-parkeko jabeek, Karen eta Henri Charlet senar-emazteek, hitzarmena izenpetu zutenetik egin dituzten inbertsioak babestu nahi dituzte. Legea alde dutela ihardoki zuten uztaila bukaeran Euskal Irratietan, 500.000 euroko inbertsioak egin dituztela proiektu berrian, eta herriko etxeak egin proposamen berria aitzinatzea konplikatua dela, segurtasun arloa ez delako arras finkatua. "Prest gara mintzatzeko baina 500.000 euroko mailegua dugu parkea handitzeko, eta hitzarmen bat sinatua dugu herriko etxearekin", erran zuten.