Urriaren 15etik 24ra iraganen da pilotako Munduko Txapelketa Argentina eta Uruguain. 2018an Bartzelonan nagusitu bazen Frantziako taldea, 2022an Espainiakoak zuen irabazi. Orotara 128 euskal herritarrek parte hartuko dute lau selekziotan banaturik.
128 euskal herritarrek parte hartuko dute Munduko Pilota Txapelketan
128 euskal herritarrek parte hartuko dute ostegunean (urriaren 15ean) abiatuko den Pilotako Munduko Txapelketan Argentinan eta Uruguain. 41 ariko dira Euskadiko Selekzioarekin, 40 Frantziako selekzioarekin, 44 Espainiarekin eta 3 Estatu Batuen izenean. Oroit lehen aldiz jokatuko duela Euskadiko Pilota Selekzioak Munduko Txapelketa Nagusia.
Zein modalitateetan irabazten ahalko lituzkeen urrezko medailak Frantziako taldeak galdegin diogu Ion Belly DTN edo kirol zuzendariari:
Duela lau urte Espainia nagusitu zen Ipar Euskal Herrian antolatu edizioa kari bederatzi urrezko medaila lorturik. Eta Frantziak bigarren bukatu zuen urrezko bost eskuraturik. Xarean, Bruno Driollet esperientzia handiko pilotaria hiru gazterekin lehiatuko da. Hauek dira Oxan Halzuet Perugorria, Andoni Castera eta Jon Lafargue. Urrea berriz erdiesteko xedearekin ariko direla erran digu Jean Paul Labat trebatzaileak.
Trinketean egonez baina esku huska, Espainiako selekzioarentzat ariko dira Hegoaldekoak ezin bestean. Iker Espinal, Eneko Maiz, Arai Murillo, Alvaro Garatea eta Luis Sanchez. Azken asteetan maila oso apala erakutsi badu Sanchezek, egia gordetzeko ari dela iduritzen zaio Manu Martiarena Frantziako selekzioko trebatzaileari. Frantziaren izenean ariko dira Pierre Etxeberri, Peio Larralde eta Andoni Iphar binaka. Battitta Ducassou eta Mathieu Ospital buruz buruka.