Gorka Torre: «Ezin dugu onartu euskarak Euskal Herrian bigarren mailako hizkuntza baten estatusa ukaitea»

Euskararentzat justizia aldarrikatuko dute Baionako karriketan igandean, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak deiturik. Izan ere, EHEko bi kide Baionako auzitegirat deitu dituzte apirilaren 11rako, joan den abenduan, euskararen nazioarteko egunean burutu zuten ekintzarengatik: auzitegiko murruan idazteagatik «justizia euskararentzat». Euskalgintzako hainbat eragilek ere babestu du igandeko manifa. Hauetan Euskal Konfederazioak agiri bat plazaratu du euskaltzale guziak mobilizatzera deitzen ditu, auzipetuei babesa adierazteko eta euskaldunen kontrako kriminalizatzea gelditzea aldarrikatzeko.

Ursuya klinika hestearen kontra, bat eginik agertu dira langile eta arduradunak

ARS Eskualdeko Osasun Agentziak martxoaren 31an deliberatu zuen klinikari baimenak ezeztatzea. Ondorioz ateak hetsi beharko ditu hilabete bukaeran. Asteazken honetan, zuzendariak kazetariei bisita gidatua egin zien egoitzaren itxuraz jujatu dezaten. Ursuya klinika ez dela prentsan erraten den bezain estatu txarrean erakutsi nahi izan du Dominique DIharce zuzendariak bisita horrekin. Hezetasuna, arratoiak edo segurtasun arau zaharkituak... entzun direnak gezurtatu nahi izan ditu. ARS agentziaren erabaki aho batez «bidegabekoa» eta «neurriz kanpokoa» dela salatzen dute langileen ordezkaritzak eta klinikako zuzendaritzak. Egoitzaren parte bat berriki arraberritua izan da, logelak eta kirol gela adibidez. Obesitate arazoak dituzten pazienteak eta Alzheimer pairatzen duten adineko pertsonak artatzen dituzte nagusiki. Neurologo, mediku, kirol erakasle edota dietalariek osatzen dute erietxeko lan taldea, hauen esperientzia eta gaitasuna galduko direla azpimarratu dute. Bestalde Alzheimer eriak hartzen dituen unitateko pazienteak zer bilakatuko diren monumento ez da argi bertako osasun langileen arabera. Eskualdeko osasun agentziak ez du bere erabakia aldatuko, aukera bakarra auzitegira jotzea da. Preseski, ondoko egunetan errekurtso bat pausatuko du klinikak administrazio-auzitegian. Aztertzen ari diren beste aukera da kudeatzaile berri bati saltzea gunea.

«LGBTfobiari lotu bortizkeria gehiena, eskolan gertatzen da»

LGBT+ pertsonen kontrako giroa agerian utzi du Les Bascos elkartearen ikerketak. Ipar Euskal Herriko, Landetako eta Biarnoko berrehun pertsonek arrapostu eman diote iaz elkarteak hedatu duen galdetegiari. 2024 urteko inkesta sarean argitaratu dute. Zehazki, Iparraldean 92 lekukotasun anonimo bildu dituzte. Erantzunek LGBT pertsonen eskolako jazarpena agerian uzten dute: ahozko bortizkeria %96k jasan du eta eraso fisikoak %72k. Bestalde, salaketa gutti egiten direla erakusten dute lekukotasunek, «polizia-etxeko edo jendarmeriako langileen izaera homofoboaren beldurraz». Preseski horri buru egiteko Les Bascos elkarteak hitzarmen bat adostu zuen prefeturarekin, bereziki langileen formakuntza bultzatzeko. Ikerketari begiratuz, nabarmentzekoa da LGBT pertsonen kontrako erasoen biktima ugari emazte lesbianak direla. Eraso LGTBfoboak salatzeko aukera ematen du Les Bascos elkarteak bere webgunean.

Dragatze lanak abiatu dituzte Txingudiko Badiako Hendaiako aldean

Txingudiko Badiako urpeko lohiak kentzeko lanak abiatu dituzte, lehen fase honetan Hendaiako kirol portuan zentraturik. Aurten 35.000 metro kubo sedimentu inguru ateratzea dute helburu, portuko hondoa garbitzeko asmoz. Hurrengo urtean, berriz, Hendaiako itsasadarrean egingo dituzte lanak, baina Hondarribiko aldean ez da jarduketarik aurreikusi, egutegi eta aurrekontu kontuak direla medio. Fort Boyard izeneko itsasontzia lanean hasi da dagoeneko, garabiaren pala uraren azpian murgilduz eta hondoan pilatutako lohiak jasotzen. Irudi hori, apirilaren 1ean ikusgai izan da, urte luzez atzeratutako lan baten hasiera irudikatuz. Izan ere, bederatzi urteko zainaldiaren ondoren, Hendaiako portuan eta Txingudiko badiako inguruan dragatze proiektua martxan jarri dute, Charente departamenduko Itsas Zerbitzuek bultzatuta.

Enpresen salmenta aitzinikuspenak neurtzeko AA sistema garatu du Bidarteko enpresa batek

Adimen artifiziala enpresen munduan nagusi egiten ari da. Informatika sistemak garatzen dituen SEI enpresak adimen artifiziala baliatzen duen AKOLADE sistema garatu du. Adimen artifizialari esker, Frantzia mailako enpresak laguntzen ditu jakiten zein produktu hobe salduko diren adibidez. Tokiko enpresekin ere lan egiten du, hala nola, Socoa Hendaian edo Boardriders Donibane Lohizunen. Horrez gain, enpresaren parte administratiboa kudeatzen ahal du AKOLADEk. Gaur egun 70 langile ditu SEI enpresak Bidarten. Hego Euskal Herrian den LKS informatika enpresaren adar bat da, LKS enpresa Mondragon kooperatibako kide da.