Bilaka kolektiboaren lan berria lehenaldiz Ipar Euskal Herrian ikusgai. "Ilauna" izeneko sorkuntza eskainiko dute lau dantzari eta bi musikari parte hartzaileek, Temps d’Aimer la Danse festibalaren kari, irailaren 13an Miarritzeko Atabal gelan. Bilaka eta Adar musikari bikotearen arteko sorkuntza izan da, euskal dantza eta musika tresna gaskoien arteko nahasketa eginez. Bizitza eta gauzen joankortasuna gogoan hartuz sortu dute dantza ikusgarri hau, Gau Beltzaren erritualetik eta neguan sartzearen ibilbidetik. Miarritzeko hitzorduaz gain, beste emanaldi bat ere iragarri dute azaroaren 15an, Luhuson.