Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidenteak laguntza humanitarioko dirua gelditzea erabaki du eta Afrika egoera larrian emateko arriskuan uzten du. Dirulaguntzen gelditzearekin gehienik hunkiak diren herrialdeak dira Sahel-eskualdeko estatuak, Burkina Faso, Nigeria eta Mali bezala. Bamako Maliko hiriburuan giza laguntzan ari da Amaia Bessouet bidarraitarra eta laguntza horien kentzeak ekartzen duen ezinbiziaren lekuko da.
Kirikoketa zinema idazketa tailerraren bigarren edizioa bukatua da. Bi astez, sei idazle elkartu dira haien dokumental edo fikzio proiektuak elkarrekin lantzeko. Joan den ostiralean egonaldiaren bukaeraren kari, tailerra proposatzen duen Zukugailuak zinema gaualdia antolatu zuen Irisarriko Ospitalean idazleek haien proiektuak aurkez zitzaten. Zinemako bi profesionalen eta idazleen arteko elkar laguntzari esker, arrakasta izan da tailerra. Sei idazleetako hiruk haien proiektua aurkeztu dute publikoaren aitzinean: Maia Iribarnek 'Altxaliliak' dokumentala, Miren Dupuyk 'Iraia' fikzioa, eta Carmen Echeverriak 'Le point crocodile' fikzioa.
Asteazken honetan erabakiko du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak, Espainiako federazioa eta Kuba zigortuko dituen ala ez. Joan den abenduaren 28an onartu zuten Euskadiko federazioa FIPV Nazioarteko Federazioaren kide gisa. Baina bi aste berantago, Espainiako eta Kubako federazioek salaketa ezarri zuten Suitzako TAS kirol auzitegian. Geroztik, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenean bitartekari gisa antolatu diren bi bilkuren ondotik, Espainiako federazioak ez du salaketa kendu, nahiz eta lehendakari berria duen. Euskadiko selekzioaren kontrako etsai nagusia izan da Javier Garcia Angulo Espainiako federazioko lehendakari-ohia. Beraz kargua justu utzi aitzin jarri zuen salaketa Kubako federazioko buruarekin batean. Orain, Javier Conde Nafarroako federazioko presidente-ohia da, Espainiako federazioko lehendakari berria. Euskadiko eta nazioarteko federazioek gatazka elkarrizketaren eta lankidetzaren bidetik konpondu nahi lukete. Horretarako, Espainiako Kirol Kontseilu gorena bitartekari gisa jarriz, bi bilkura antolatu dituzte. Bainan Javier Condek ez du Angulok ezarri salaketa kentzen. Azken bilkura asteazken honetan izanen da, eta horren ondotik nazioarteak neurriak hartuko ditu Espainiak eta Kubak Euskadiri buru egiten segitzen badute, nazioarteko lehiaketetatik baztertzeko. Euskadiko federazioak erabaki du Munduko Federazioaren irizpideak segituko dituela. Erran nahi du, Espainiako federazioaren barne diren Nafarroa eta Errioxa, asteburu honetan hasiko den GRABNI lehiaketatik baztertzea. Ostegun honetan hartuko luke erabaki hori, Espainiako federazioak ez balu salaketa kentzen.
Maule Lextarreko auzapezak finantzen kudeaketa osoki asumitzen du. Herriko kontuak oso gaizki dira eskualdeko kontu ganberaren arabera. Bost milioi euroko zorretan da herria, hogei bat mailegu bidean dituelarik. Bestalde, eskualdeko kontulariek 2023an egin bisitatik hainbat kezka agerrarazi dituzte; hala nola gastuen kudeaketa txarra, eta arriskuen gaizki menperatzea. Auzapezak erran digunez, bazekien kontuak tinko zirela, baina inbertsioen egitea erabaki zuten halere. Louis Labadot auzapezak herriko kontseiluan emanen ditu argibideak, martxoaren 31an.
Helegitea ezarriko dio Miarritzeko herriko etxeak, La Negresse auzoaren izenaren aldaketa galdegiten duen epaiari. Administrazio Auzitegiaren deliberoa gibelera botatzeko, auzoari izena eman zion herriko etxeko erabakia ez dela existitzen argudiatzen dute. Mémoires et Partages elkarteak leku-izen horren izaera arrazista eman zuen agerian, eta auzitegietara jo zuen 1861ean auzoari izena emateko herriko etxeak hartu zuen deliberoa bertan behera uzteko. Otsailaren 6an Bordeleko administrazio auzitegiak izendapena aldatzeko hiru hilabete zituela jakinarazi zuen. Haatik, Maider Aroztegi Miarritzeko auzapezak, herriko etxeko erabaki hori ez dela existitzen dio. Xarles Bidegain euskaltzainak historialarien batzordean parte hartu du.