Bekat’uros LGBTQIA+ euskal besta hirugerren urtekoz iraganen da Atharratzen. Apirilaren 12an egun osoko egitaraua antolatu du Prefosta elkarteak, usaiako karrika inguruarekin, kontzertuekin eta ikusgarriekin. Aurten, aste osoan zehar bestelako ekimenak antolatu dituzte Xiberoako beste elkarte zenbaitekin batera, hala nola, Barkoxeko errugbi taldearekin edota Xiberoako talde feministarekin.
Parekotasunaren aldeko legedia plantan da 2000 urtetik Iparraldeko 42 herritan, hots mila biztanle baino gehiago duten herrietan. Horri esker herriko kontseiluen aulkietan %41 emazteak dira eta hauetan 28 auzapez. Herri txikietan ere emazteen presentzia handitzeko beraz, neurria baikorki ikusten du Xole Aire 280 biztanle dituen Urepeleko auzapezak: «Nik arrunt positiboki ikusten dut dudarik gabe emazteek baitugu zerbait ekartzekoa, bai hauteskundeetan bai herriko etxeetan». Parekotasuna legeak beharturik, zergatik ez, baina gauzak "naturalki" egin beharko litzatekeela uste du Maite Echeverria Ozazeko auzapezak. Bere kasuan, hiru emazte eta lau gizon dira herriko kontseiluan. Baina naturalki egiteko parekotasunaren desmartxa, heziketa lan bat behar da: «Gizonak ez dira ohituak boterea uztera alde batetik. Eta bestalde, emazteen ausartzea. Gure heziketak ez digu erakutsi edo erran kapable garela eta behar dugula jo aitzina eta ausartu». Emazteak hauteskundeetara aurkeztera bultzatzeko, Euskal hirigune elkargoko Berdintasun Batzordeak joan den martxotik abiatu du komunikazio kanpaina bat Eta zu bazina ? lemarekin. Gaur egun hirigune elkargoan, hautetsien %31 emazteak dira. Talde exekutiboan %26 dira.
Geroz eta gazte gehiago droga munduan sartzen direla ikusirik eta, drogaren hartzea geroz eta normalizatuagoa dela oharturik, foro hau antolatzea erabaki du du Baigorriko Diziplina Anitzeko Osagarri Etxeak. Bertan, osagarri mentala sexuala, drogak, tabakoa, ingurumenari lotu osagarria, aktibitate fisikoa, elikadura, alor soziala eta beste hainbat gai aipatuko dira. Orotara 800 bat ikaslek parte hartu dute, Garazi Baigorri eta Larzabale arteko ikastegietako laugarren eta terminal artekoek. Egun hau, partaidetza ezberdinekin antolatu da, 20 bat orotara, CPAM, MSA, Ligue, Garazi arrosa, JARA mediku bulegoa, Adoenia, France Addiction Bizia elkartea, eta gehiagorekin. Egun bukaeran, ikasleei, foroari buruzko galdetegi bat emana izan zaie, egun horren ebaluatzeko eta liburuxka bat zeinetan zenbaki garrantzitsuak atzematen ahal dituzten, beharra izanez gero. Ikasleei zuzendua izan zaien foroaren ondotik, Baigorrin Bizia elkarteko administratzaile eta neuropsikologoek gidatutako hitzaldi bat eman dute adikzioei buruz. Gaualdi hau publiko orori irekia izan zaio. Egun kargatu horretako antolatzaileek, bizpahiru urte guztiz egiteko xedea dute, barnealdean beharra badela oharturik.
Euskararen Erreferentzia Corpusa sortu du Euskaltzaindiak. Hitzen liburutegi handi bat da corpus bat, euskararen gaur egungo erabileraren berri ematen duena. Testuak, prentsa artikuluak, liburuak edota gidoiak biltzen ditu. Ipar Euskal Herriko euskararen lagina biltzeko Herria eta Ipar Euskal Herriko Hitza aldizkarietako testuak hartu dituzte oinarri, baita Ikas pedagogia zentroko, Maiatz argitaletxeko eta Sü Azia elkarteko argitalpenak ere. Egungo euskara islatzeko xedearekin, gai anitzen, euskalki guztietako eta publiko mota guztiei zuzendutako testuak kontuan hartu dituzte. Bertan bilaketak egiten ahal ditu edonork. Analisi linguistikorako, ikasketa automatikorako edo ikerketan hipotesiak baliozkotzeko baliatu ahal izanen da, besteak beste. Corpus dinamikoa izanen da, urtero eguneratuko baita, bai edukiz eta bai oinarri teknologikoz.
Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, sindikatu eta gizarte mugimenduek mobilizazio deialdi zabalak egin dituzte Hego eta Ipar Euskal Herrian. Baionan, CFDT, CGT, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek elkarlanean manifestaziora deitu dute, maiatzaren 1ean, 11:00etan, geltokitik abiatuta. Ibilaldia Merkatu plazan amaituko da, non informazio eta eztabaida guneak antolatuko diren. Manifestazioaren ardatz nagusiak izango dira zerbitzu publiko sendoen aldeko aldarria, duintasunez bizitzeko eskubidea eta emakumeen eta gizonen arteko lansarien berehalako berdintasuna. LAB sindikatuko bozeramaile Argitxu Dufauk adierazi duenez, “patronalak metatutako aberastasunei buruzko gogoeta publikoak egitea inoiz baino beharrezkoagoa da”. Dufauk salatu du testuinguru belikoz betetako hizkerak –estatuaren diskurtsoetan ageri den “gerla” terminologiak, esaterako– lan munduaren egoera gehiago okertzen duela, eta langileen eskubideak mehatxupean jartzen dituela. Hego Euskal Herrian, ELA sindikatua Bilbon eta Iruñean mobilizatuko da, gutxieneko soldata propioaren alde eta Europako berrarmatze prozesua salatzeko. Sindikatuaren arabera, “berrarmatze militarrean oinarritutako Europa batek langileen eta herritarren beharrak bigarren mailan uzten ditu”. Bestalde, Bizi!-k eta Alda-k kolektiboek ere protesta ekimen bateratua iragarri dute Baionan, 10:45ean Errepublika plazan, “Trump eta haren adiskideen munduaren aurka” lelopean. Maiatzaren Lehena, beraz, aldarrikapen sozial eta politikoen topagune izango da aurten ere, Euskal Herriko bi aldeetan, justizia sozialaren eta eskubide zabalagoen aldeko borroka berriz ere kalera eramanez.