Celine Blandin emagina bost hilabetez kargu gabetu du ARS Eskualdeko osasun agentziak. Azken hilabetean, hiru kanporatu ditu eta sei hilabetez lau Akitania Berria mailan. Emazte bat etxean haurra ukaiten laguntzen zuelarik, ospitalera eraman behar izan du Blandinek konplikazio batzuen ondorioz, eta horren ondotik, kanporatua izan da. Asteazkenean, mobilizazioak iragan ziren emaginaren sustenguz eta sareetan, petizio bat martxan ezarri dute. Mobilizazioak iragarri dituzte Collectif de Défense de l'Accouchement Accompagné à Domicile 64 taldetik.
Lurralde kolektibitatearen ideia lantzeko Lioneko metropoliaren eredua aztertzen ari dira. 2015ean, Liongo Hirigune Elkargoa eta Rodanoko departamenduak bat egin zuten. Aukera horrekin Batera plataformak departamenduaren eskumenak lituzken instituzio baten aldarrikapena ekarri nahi du Ipar Euskal Herrira. Hauek dira sozial arlokoak, etxebizitza edo laguntza sozialak, adinekoen aldeko politika eta abar. 2013an oroitu departamendu mailako kolektibitate eskatzen zuela Baterak Iparraldean. Euskal Konfederazioak parte hartu zuen Bateraren sorreran, eta Euskal Hirigune Elkargotik haratago joango litzatekeen erakunde bat beharrezkoa ikusten du bereziki euskarari estatutu bat emango liokeena. Ondoko hilabeteetan herriko bozak, legegileak edo frantses lehendakaritzarako hauteskundeen harira, hiru urteko sekuentzia bat irekitzen zaio plataformari. Horretarako bide-orri berri bat osatzeko gogoz da mugimendua. Maiatzaren 10ean Ezpeletako Patronage gelan bilduko dira goizeko 9:00etan, Biltzar Nagusi birsortzailea egiteko. Hitzordua denei irekia da.
Baionako Euskal Museoaren aldizkariaren ale berezia karrikaratu dute, museoaren ehungarren urteurrenaren kari. Euskal Museoaren adiskideak elkartearekin batera landu dute '100 urte jadanik' izenburua duen aldizkariaren 202. alea. Museoaren historia eta bere garapenean parte hartu duten hainbat pertsonaia aipatzen dituzte bertan. Paradaz baliatu dira ere Euskal museoa zertan den aipatzeko, pipiez kutsaturik egon ondoren hiru hilabetez itxi behar izan baitute osoki garbitzeko. Aldizkariak 172 orrialde ditu, baina artikulu bakar bat baizik ez da euskaraz.
Usaian traineruak edo battelekuak ikusten badira ere, aldi honetan, aulki mugikorra duen itsasoko aviron delakoak izanen dira Donibaneko badian. Bakarka, binaka edo gehienik launakako itsasontziak lehiatuko dira. 3000 edo 6000 metroko ibilbidea izanen da kategoria eta adinaren arabera. Hendaia, Donibane Lohizune, Arcachon edo/ta Arroxelatik etorri 40 bat taldek parte hartuko dute larunbateko lasterkaldietan. Donibaneko hitzorduak balio du, berantago iraganen den Frantziako txapelketarako sarbidea izaiteko.
Ziburuko Herriko Etxeak 100 metro kubikoko euri-ur biltegi berria jarri du martxan hiriko zentro teknikoan. Egitasmo honen helburua da edateko uraren kontsumoa murriztea, garbiketa-lanetarako ur bilketa alternatibo bat sustatuz. Biltegiak zentro teknikoaren teilatuan bildutako ura gordetzen du eta hiri-garbiketan erabiltzen da. Zehazki, egunero 2.500 eta 3.000 litro artean kontsumitzen dituzten bi garbigailu hornitzen ditu. Gainera, berdeguneak ureztatzeko, udal ibilgailuak garbitzeko eta belarra kentzeko makina urez hornitzeko ere baliatuko da. Proiektua 226.000 eurotan gauzatu da, eta Aturri-Garona Ur-Agentziak %70ean finantzatu du. Neurri hau Ziburuko Herriko Etxeak 2022ko lehorte gogorraren ostean hartutako estrategiaren parte da. Orduan, hondartzetako dutxak ixtea erabaki zen, urtean 2,5 milioi litro ur aurrezteko. Biltegi berriak garbiketa-makinak hornitzeko gaitasuna izango du euririk egin ezean 40 egunez. Etorkizunean, Kirol Zelaiaren landare-nabarira konektatzeko aukera aztertzen ari dira, bilketa eta erabilera are gehiago optimizatzeko.
- Gorka Torre: «Ezin dugu onartu euskarak Euskal Herrian bigarren mailako hizkuntza baten estatusa ukaitea»
- Ursuya klinika hestearen kontra, bat eginik agertu dira langile eta arduradunak
- «LGBTfobiari lotu bortizkeria gehiena, eskolan gertatzen da»
- Dragatze lanak abiatu dituzte Txingudiko Badiako Hendaiako aldean