Manex Fuchs: «Aberri Egunak euskaldun guztiak biltzeko ospakizuna izan beharko luke»

Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik. Euskara elkargune gisa hartzen duen lan horrek dantza, hitza eta kantua uztartuko ditu, eta Aberri Egunaren ospakizuna ardatz harturik euskal nazioa aldarrikatzen du obrak. Donostiako Kursaalean eskainiko da obra apirilaren 11n eta sarrerak urririk eskuratu daitezke. Sabino Arana fundazioak, Olaso Dorrea fundazioak eta Agirre Lehendakaria Centerrek babestu dute egitasmoa.

«Justizia euskararentzat» aldarrikatu dute milaka pertsonek Baionan

«Euskararen borroka auzitegi barnera berriz ekarriko dugu, euskararen zapalkuntza legala nehon baino hobeki hor ageri delako». Hitz horiekin mintzatu dira Gorka Torre eta Intza Gurrutxaga Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak, «Justizia euskararentzat» lemapean iragan den manifestazioko 1.500 lagunei. Baionako karriketan gaindi ibili dira, auzitegitik abiaturik. Apirilaren 11n epaituko dituzte EHEko kideak, abenduaren 3an Baionako Auzitegian egin zuten desobedientzia ekintzagatik. Euskal hizkuntzak jasaten duen zapalkuntzari desobedientzia eta intsumisioaren bidez iharduki behar zaiela erran dute, euskaltzaleei batu eta antolatzeko deia luzatuz.

EEPk eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena berritu dute

Euskal Konfederaziotik erabakia «etsigarria» bezala hartu dute. Aspalditik buxetaren emendatzea eskatzen dute euskalgintzaren egoera larriari erantzuteko. Euskal Hirigune Elkargoa prest agertu baldin bada ere bere diru ekarpena handitzeko, departamenduak ezezkoa eman zuen. Eskualdearengatik itxaropena luke Maider Behoteguy EEPko presidenteak, eta oraingoan, frantses estatuaren erantzunaren zain direla erran digu. Apirilaren 10ean bilduko dira Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, lau urtez, 400.000 euroko ekarpena egingo dio urtero EEPri. Ostiral honetan izenpetu zuten euskara sustatzeko hitzarmena Maider Behoteguyk eta Ibone Bengoetxeak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak. Aurten «zubiak eraiki» izeneko erronka berria gehitu diote Eusko Jaurlaritzaren egin hitzarmenari, proiektu aurkezleek euskararen eragileen arteko zubiak eraikitzeko.

Arte lanbideak argitara, Irisarriko manufaktura lantoki partekatuan

Arte lanbideen Europako jardunaldiak ziren asteburu honetan, eta Euskal Herrian gune bat baino gehiagotan ate irekiak antolatu zituzten. Irisarrin, Ipar Euskal Herriko lantegi partekatuen gunea estreinatu zuten ostiralean, hautetsi, erakunde eta beste gune partekatuetako artisauekin batera. Irisarriko sartzean kokatua da gunea, zurgin batek bere eraikuntzaren parte bat utzi die, ofizialen partekatze gune baten egiteko. Jadanik zurgin bat, buztingintzan ari den bat eta dendari jostun bat instalatuak dira. Bilkura gela eta bulego batzuk ere aurkitzen dira. Arratsaldeko bilkuran zirkuitu laburrak birziklatze edo ber moldatzailean sarearen inportantzia azpimarratuak izan dira, ekonomia sozial eta solidario baten barnean.

Gaitzespena eragin du etxez-etxeko emagin baten behin behineko gaitasungabetzeak

Celine Blandin emagina bost hilabetez kargu gabetu du ARS Eskualdeko osasun agentziak. Azken hilabetean, hiru kanporatu ditu eta sei hilabetez lau Akitania Berria mailan. Emazte bat etxean haurra ukaiten laguntzen zuelarik, ospitalera eraman behar izan du Blandinek konplikazio batzuen ondorioz, eta horren ondotik, kanporatua izan da. Asteazkenean, mobilizazioak iragan ziren emaginaren sustenguz eta sareetan, petizio bat martxan ezarri dute. Mobilizazioak iragarri dituzte Collectif de Défense de l'Accouchement Accompagné à Domicile 64 taldetik.